Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Haurrak / Zinema eta proiekzioak
  3. Donostia Nazioarteko Zinemaldia

Donostia Nazioarteko Zinemaldia

Aurten Donostia Zinemaldia 66. ediziora helduko da. 1953ko irailaren 21ean jaio zeneko gogo bizi berberaz helduko ere, sorrera hartatik etenaldirik jasan gabe gainera.

Bokazio zinematografiko eta komertziala zuen Nazioarteko Zine Astea bezala sortua, berehala lortu zuen FIAPFek (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) esleitzen duen B maila (lehiaketarik gabeko zinemaldia) bere lehen edizioan lortutako arrakastari esker. Horrela, ondorengo urtean, Nazioarteko Zinemaldi izendatu zuten, eta 1955ean FIAPFek lehiaketarako aproposa eta koloretako filmetan espezializatua zela onartu zuen: sari ofizialak eman zitezkeen harrez gero. Horixe da Maskorraren sorrera, sasoi hartan zilarrezkoa zena, eta berau erabakitzeko nazioarteko epaimahai bat eratu behar zen.

1957an "A" maila behin-betiko eman zitzaionean, eta maila nagusietarako Maskorra urrezko bihurtu zenean, zinemaldiaren berezko ikonoak agertu ziren. Horixe da gaur egun ere aurrera egiteko erabiltzen den erreferentzia, alegia, irekitasunaren aldeko korronteren aukera, garai hartako zentsura zurrunetik kanpo kokatuz, eta oraindik ere bizirik dirauena. Zeren Donostiako Zinemaldiaren ardura nagusia unean uneko zinerik kezkatsuenaren eta berritzaileenaren erakusleihoa izatea baita.

Lehen urte haietatik hona ugari izan dira Zinemaldira bertaratu diren zineko pertsona ospetsuak, Donostiari distira kosmopolita itzuliz eta "glamour" apur bat emanez; hori bai, zine onarekin loturik beti ere. Federico Fellini, Gloria Swanson, Alfred Hitchcock, Kirk Douglas, Jean-Luc Godard, Deborah Kerr, Leslie Caron, King Vidor, Monica Vitti, Anthony Mann, Bernardo Bertolucci, Anhony Quinn, Audrey Hepburn, Franco Zeffirelli, Francis Ford Coppola, Fritz Lang, Francisco Rabal, Robert Altman, Howard Hawks, Nicholas Ray, Elizabeth Taylor, François Truffaut, Orson Welles, Fernando Rey, Luis Buñuel, Steven Spielberg, Joseph von Sternberg, Imperio Argentina, Richard Burton, Gina Lollobrigida, Harrison Ford, Nikita Mikhalkov, Pedro Almodóvar, Victoria Abril, Sergio Leone, Roman Polanski, Sam Peckinpah, Jacqueline Bisset, George Peppard, Louise Rainer, Alberto Sordi, Sydney Pollack, Peter O´Toole, Joseph L. Mankiewicz, Charlton Heston, Glenn Close, Anjelica Huston, Sophia Loren, Stanley Donen, Mel Gibson, Keanu Reaves, Matt Dillon, Ethan Coen, Antonio Banderas, Bertrand Tavernier..., besteak beste, euren filmak aurkeztera etorri ziren eta euren nortasunak arrasto ezabagaitza utzi du Zinemaldiaren memorian.

Euren jardunbidearekin zine munduari hainbeste eman diotenei esker ona adierazteko "Donostia Saria" sortu zen 1986an, eta orain arte hiriaren omenaldi hori honako hauek jaso dute:

  • 1986: Gregory Peck
  • 1987: Glenn Ford
  • 1988: Vittorio Gassman
  • 1989: Bette Davis
  • 1990: Claudette Colbert
  • 1991: Anthony Perkins
  • 1992: Lauren Bacall
  • 1993: Robert Mitchum
  • 1994: Lana Turner
  • 1995: Susan Sarandon; Catherine Deneuve
  • 1996: Al Pacino
  • 1997: Michael Douglas; Jeremy Irons; Jeanne Moreau
  • 1998: Anthony Hopkins; John Malkovich
  • 1999: Fernando Fernán-Gómez; Vanessa Redgrave; Anjelica Huston
  • 2000: Michael Caine; Robert de Niro
  • 2001: Francisco Rabal; Warren Beatty; Julie Andrews
  • 2002: Jessica Lange; Bob Hoskins; Dennis Hopper
  • 2003: Isabelle Huppert; Sean Penn; Robert Duvall
  • 2004: Woody Allen; Annette Bening; Jeff Bridges
  • 2005: Ben Gazzara; Willem Dafoe
  • 2006: Max Von Sydow; Matt Dillon
  • 2007: Richard Gere; Liv Ullmann
  • 2008: Meryl Streep; Antonio Banderas
  • 2009: Sir Ian McKellen
  • 2010: Julia Roberts
  • 2011: Glenn Close
  • 2012: Tommy Lee Jones, Ewan McGregor, John Travolta, Oliver Stone, Dustin Hoffman
  • 2013: Carmen Maura, Hugh Jackman
  • 2014: Denzel Washington, Benicio del Toro
  • 2015: Emily Watson
  • 2016: Sigourney Weaver, Ethan Hawke
  • 2017: Monica Bellucci, Ricardo Darín, Agnès Varda
  • 2018: Hirokazu Kore-Eda, Danny Devito, Judi Dench

Hirokazu Kore-Eda

Zuzendari japoniarra Donostia Saria jaso duen lehen filmegile asiarra da. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bitan lortu du Publikoaren Saria.

Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia sariak Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak (Tokio, 1962) zinemaren munduari egin dion ekarpena aintzatetsiko du. Kore-eda Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsu hori jasotzen duen lehen errealizadore asiarra da. Saria emateko ekitaldia Victoria Eugenia antzokian izango da eta, hori osatzeko, Manbiki kazoku / Shoplifters filma proiektatuko da; Urrezko Palmorria irabazi zuen azken Canneseko zinema-jaialdian.

Esan bezala, Donostia sariko emanaldi berezia izango da film hori; hala, hamargarren aldiz parte hartuko du Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean Nochi-no-hi / The Days After (2011) eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.

Hirokazu Kore-eda 1962an jaio zen Tokion, Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista-ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari-lanetan. 1995ean, zineman debutatu zuen Maboroshi no hikari / Maborosi filmarekin. Bere lehen lan horretan, Teru Miyamotoren nobela bat egokitu zuen. Ordurako, bere estiloa azaldu zuen eta bere lanetan behin eta berriro agertu diren gaiak jorratu zituen, esaterako, familia-harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdiko 52. edizioan, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu zuten azkar Kore-eda –1990ko hamarkadan, Japoniako zinemaren berrikuntza sortzaile garrantzitsua egiten zuten zinemagileetako bat izan zen–. Bere bigarren filmak, Wandafuru raifu / After Life (1998), fantasiazko zinemaren eta teknika dokumentalen arteko fusio originalak, bere talentua berretsi besterik ez zuen egin Donostia Zinemaldian estreinatu eta gero. Canneseko zinema-jaialdian, bere lan hauek eman dituzte: Distance (2001), Aum Shinrikyo sektak 1995ean egin zuen atentatuari buruzko ikerketa poetikoa, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten. Bestalde, haurren mundua arakatzen duen bere lehen lan ederrari, Dare mo shiranai / Nobody Knows (2004) filmari, esker, gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen protagonistetako batek; Yagira Yuyak, hain zuzen ere.

Kore-eda gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako bat bada ere, Hana yorimo naho / Hana (2006) filmean, zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituen; betiere, oso ikuspegi pertsonaletik, bere mezu humanistarekin generoaren konbentzioak apurtzeko. Film hori Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, bai eta Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) ere, familia-harremanen emoziozko kontakizuna. Kûki ningyô / Air Doll (2009) Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zen, eta bira harrigarri bat izan zen bere ibilbidean; izan ere, zientzia-fikziozko istorio bat kontatzen du, gizakien sentimenduak ahaztu gabe, zuzendariaren betiko kezka baitira. Azken urteetan, Kore-edak familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, oroipenari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Horiek guztiak nazioarteko zinema-jaialdietan estreinatu dira: Kiseki / I Wish (2011), gidoi onenaren saria lortu zuena Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015)¸ Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zirenak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zena; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zena.

Ekoizle-lanetan ere aritu da Kore-eda, zinema japoniarraren talentu berrien lanak laguntzen: Miwa Nishikawaren Hebi ichigo / Wild Berries (2003), Yusuke Iseyaren Kakuto (Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztu zen), Tomoko Kanaren Beautiful Islands (2009), Mami Sunadaren Ending Note: Death Of A Japanese Salesman (2011) –Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailerako hautatu zuten–, Kohei Imanakaren Anohi - Fukushima ha ikiteiru / That Day – Living Fukushima (2012) eta Ten Years Japan (2018) film kolektiboa.

Hirokazu Kore-eda Donostia Zinemaldiko ikusleek gehien maite dituzten zinemagileetako bat izan da beti, bere sentikortasun handiko kontakizunek muga geografiko eta kulturalak gainditzen dituztelako balio unibertsalei buruz hitz egiteko. Horrexegatik jaso zuten, bada, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son eta Umimachi Diary / Our Little Sister filmek Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria.

Kore-edari errekonozimendu hau Zinemaldiaren pauso bat gehiago da zinematografia munduan goraipatzeko moduko lanak egin dituzten artista handiak saritze horretan; iaz, Agnès Vardarekin egin zen bezala.

Danny Devito

Danny DeVito ikuskizunaren munduko pertsona moldakorrenetako bat da, bikaina aktore, ekoizle nahiz zuzendari lanetan.

Louie De Palmaren rol sarituak, Taxi telesailean, Estatu Batuetan ezagutarazi zuen DeVito, eta Emmy eta Golden Globe bana ekarri zizkion. TV Guide aldizkariak 1999an bere irakurleen artean egindako inkesta batean, inoiz telebistan izandako 50 pertsonaia onenen artean bozkatuena izan zen DeVitoren Louie De Palma.

2012an, DeVitok eta Richard Griffiths-ek kritikaren txaloak jaso zituzten Neil Simonsen The Sunshine Boys komediaren Londreseko antzerki-egokitzapenari esker. Hurrengo urtean, DeVitok berriz antzeztu zuen kritikak goraipatutako rol hura, Los Angelesen, Taxi-ko protagonista Judd Hirsch-ekin.

DeVitok 2017an egin zuen Broadwayn debuta, Gregory Solomon hezurmamiturik Arthur Miller-en The Price antzezlanean, eta Tony sarietarako lehenengo izendapena eskuratu zuen ondorioz. Hain zuzen, hainbat sari irabazi zituen rol horri esker; besteak beste, Drama Desk Award, Outer Critics Circle Award eta Broadway.com Audience Choice Award.

Frank Reynolds pertsonaiaren rola bete zuen FXXko It's Always Sunny in Philadelphia kultu-komedian, eta irailean estreinatuko den 13. denboraldian berriz ikusiko dugu bertan.

DeVito Tim Burton zuzendariarekin elkartu da haren hurrengo filmerako (Dumbo) eta duela gutxi amaitu dute hura filmatzen, Ingalaterran. Duela gutxi, Taylor Hackford zuzendariaren The Comedian filmean (Sony Classics) agertu da, Robert De Niro eta Leslie Mann-ekin batera. DeVitok zuzendari, protagonista eta koproduktore jardun zuen Curmudgeons film laburrean; 2016an Tribeca zinema-jaialdian estreinatu zen, eta ondoren 2016ko Seattleko eta Londreseko zinema-jaialdietan proiektatu zuten. 2016an, halaber, Todd Solondz-en Wiener-Dog komedia beltzeko protagonistetako bat izan zen DeVito.

Gutxi barru Chesterfield pertsonaiaren ahotsa izango da Animal Crackers animazio-filmean, baita Warner Bros ekoiztetxearen Smallfoot animazioan ere. Egun, Walt Disney Pictures-en The One and Only Ivan filmerako pertsonaia bat grabatzen dabil. 2012an, Lorax-en ahotsa jarri zuen Universal Pictures-en The Lorax animazio-film luzean, Seuss doktorearen izen bereko liburuan oinarritutakoan. Filmaren alemanezko, errusierazko, gaztelaniazko eta italierazko bertsioetan ere entzun genuen haren ahotsa.

2015ean, ekoizle exekutiboa izan zen Harold and Lillian: A Hollywood Love Story dokumental biografikoan. 2014an A Walk Among the Tombstones (Universal Pictures) polizia-dramaren ekoizleetako bat izan zen eta All The Wilderness filma protagonizatu zuen. 2012an Hotel Noir zuri-beltzeko polizia-dramaren protagonista izan zen.

Bere lan-ibilbidean 25 proiektu baino gehiago zuzendu ditu DeVitok; besteak beste, Matilda, Death To Smoochy, The War of the Roses (Rosetarren gerra), Hoffa, Throw Momma From the Train, The Ratings Game; baita film labur, telesail eta telefilm ugari ere, esaterako, Taxi.

DeVitok beldurrezko film laburrei buruzko TheBloodFactory.com webgunea darama, halaber, John Albo gidoilariarekin batera. Hark splatter cuts (zipriztintzen duten mozketak) esaten die txeraz. Horrez gain, Jersey Film's 2nd Avenue ekoiztetxea, Jersey Films konpainiaren ondorengoa, zuzentzen du. Jersey Filmsek 20 film baino gehiago ekoitzi ditu: besteren artean, Freedom Writers, Be Cool, Garden State, Along Came Polly, Man on the Moon, Pulp Fiction, Out of Sight, Get Shorty, Hoffa, Matilda, Living Out Loud eta Erin Brockovich, Oscar sarietarako izendatua.

Jersey Filmsen egindako lanaz gainera, film hauetan protagonista izan da DeVito: The War of the Roses (Rosetarren gerra), Junior, Batman Returns, Twins, Romancing the Stone, Jewel of the Nile, Ruthless People, Throw Momma From the Train, Tin Men, Anything Else, Big Fish, Renaissance Man, The Big Kahuna and Heist. Beste film hauek ere antzeztu ditu: The Good Night, Deck The Halls, Relative Strangers, The OH in Ohio, Be Cool, Nobel Son and Even Money.

DeVito Our Lady of Mt. Carmel eskolan egin zuen Lehen Hezkuntza, eta Oratory Prep School institutuan (Summit, New Jersey) ikasi zuen ondoren. Eskolako obra bakarrean agertu zen han, Asiseko San Frantzisko gisa. Gradua atera eta gero, askotariko lantxoak egin zituen, baina aktore aritzeko ideia gogoan izanik betiere. Azkenean, American Academy of Dramatic Arts eskolan sartu zen, New Yorken. «Esgrima eta ahoskatze eskolak ematen zituzten» esan izan du txantxetan, «ez dezazun arraro hitz egin». Lana aurkitu ezinean, joan-etorriko bidaia-txartela erosi eta Hollywood aldera abiatu zen Danny. Urtez langabe egon ondoren New Yorkera itzuli zen. Lagun zahar bati dei egin zion, American Academyko irakasle ohia bera, eta hain justu beraren bila ibilia zen, protagonista rola eskaini nahi baitzion ekinaldi bakarreko antzezlan baterako, The Man With The Flower in His Mouth izenburupean aurkeztekoa zen trilogia batean. Danny laster hasi zen 'dirutza' irabazten (60 dolar asteko), eta beste zenbait antzezlan iritsi zitzaizkion segidan. Besteak beste, honako hauek: Down the Morning Line, The Line of Least Existence, The Shrinking Bride and One Flew Over the Cuckoo's Nest (Kuku-habiaren gainean hegan).

1975. urtean, American Film Institute erakundearen beka baten bidez, Minestrone idatzi eta ekoitzi zuten Danny DeVitok eta haren emazteak, Rhea Perlman aktoreak. Bitan proiektatu dute Canneseko zinema-jaialdian, eta bost hizkuntzetara itzulia izan da. Ondoren, zuri-beltzeko film labur bat idatzi eta ekoitzi zuten, The Sound Sleeper, 16 mm-tan, eta lehenengo saria irabazi zuen Brooklyn Arts and Cultural Association lehiaketan.

2018an, Asbury Park hiriko alkateak –New Jerseyko herria, bertan hazi zen DeVito– jakinarazi zuen ordutik aurrera eta behin betiko Danny DeVitoren Eguna izango zela azaroaren 17a (DeVitoren urtebetetzea) Asbury Parken.

DeVitok badaki nola eraman arrakasta. Ez ditu inoiz ahaztu bizitako garai gorriak, eta perspektiba osasungarriari eutsi dio. Taxi-ko Louie De Palmak esango lukeen bezala: «gaur ongi jokatu ezean, zureak egin du bihar».

Judi Dench

Duela ia 60 urte Old Vic Theatre antzokian Hamlet-en Ofelia hezurmamitu zuenetik, Judi Denchek hala ikusleen nola kritikaren txaloak bereganatu ditu bere ibilbide osoan bete dituen rol klasiko eta garaikideetan egin dituen antzezpen nabarmengarriei esker. Hainbat sari garrantzitsu jaso ditu oholtzaren gainean eta pantailan egindako lanagatik; besteak beste, Oscar bat, hamar BAFTA sari eta zortzi Laurence Olivier sari. Bere lorpen ugarien aitorpen gisa, Britainia Handiko Inperioaren Ordena jaso zuen 1970an, Britainia Handiko Inperioko Dama bihurtu zen 1988an, eta Ohorezko Kide izendatu zuten. Horrez gain, Arteen Japoniako Elkartearen Zinema eta Antzerkiko Praemium Imperiale sari prestigiotsua ere jaso du.

Duela gutxi Artemis Fowl (Disney) amaitu du Judi Dench Damek Kenneth Branagh zuzendariaren esanetara, eta gutxi barru Red Joan film luzean ikusi ahalko dugu Trevor Nunnen zuzendaritzapean. Iaz Kenneth Branaghen Murder on the Orient Express filmean agertu zen (Twentieth Century Fox) eta Stephen Frears zuzendariaren Victoria & Abdul protagonizatu zuen Working Title eta Focus Features enpresentzat; azken lan horrek, gainera, Urrezko Globoetarako eta SAG eta AACTA sarietarako izendapen bana ekarri zion. Film horretan bigarrenez hezurmamitu zuen Victoria erregina, John Maddenen Mrs Brown filmean rol horixe bete eta BAFTA sari bat, Urrezko Globo bat eta Oscar sarietarako izendapen bat bereganatu eta gero.

Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar eta BAFTA sari bana eraman zuen Shakespearen in Love filmean Elizabeth I erreginaren paperean egindako antzezpen dotoreagatik eta Oscar sarietarako izendapenak jaso ditu beste bost filmetan egindako lanagatik: Chocolat, Lasse Hallstrom zuzendariarena, Urrezko Globo baterako ere izendatua; Iris, Richard Eyrerena, BAFTA sari baten irabazlea; Mrs Henderson Presents, Stephen Frears zuzendariarena, BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendatua; Notes on a Scandal, berriz ere Richard Eyreren zuzendaritzapean, BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendatua; eta Philomena, Stephen Frearsek zuzendua eta Steven Cooganekin batera protagonizatua, BAFTA eta SAG sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendapenak ekarri zizkiona.

Judi Dench dama mundu osoan da ezaguna James Bonden zazpi filmetan (Goldeneye-tik hasi eta Skyfall arte) M rol mitikoa antzezteagatik. Zinemarako egin dituen lanen artean sartzen dira beste film hauek ere: Tea With Mussolini, Franco Zeffirelliren zuzendaritzapean; A Room With a View eta A Handful of Dust, bietan ala bietan antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren BAFTA sariduna; 84 Charing Cross Road, David Jonesek zuzendua; Henry V eta Hamlet, Kenneth Branaghenak; Nine, Rob Marshallek zuzendua; Jane Eyre, Cary Fukunagarena; My Week with Marilyn, Simon Curtisena; J. Edgar, Clint Eastwooden zuzendaritzapean; Indian girotutako film zeharo arrakastatsua, The Best Exotic Marigold Hotel, eta haren bigarren zatia, The Second Best Exotic Marigold Hotel, biak ala biakJohn Maddenenak; Roald Dahl's Esio Trot, Dustin Hoffmanekin batera; eta Miss Peregrine's Home for Peculiar Children, Tim Burtonek zuzendua.

Telebistan egin duen lanagatik ere jaso ditu txaloak. Duela gutxi Cecily, Yorkeko dukesa, hezurmamitu zuen BBCrako The Hollow Crown telesailean, eta aurrez egin dituen lanen artean daude The Last of the Blonde Bombshells, zeinari esker BAFTA saria, Urrezko Globoa eta Emmy sarietarako izendapena lortu baitzituen; eta BBCren As Time Goes By eta Crandford eta Cranford: Return to Cranford txalotuak, sari garrantzitsuetarako hainbat izendapen ekarri dizkiotenak.

Judi Denchek pantailan izandako arrakastak bere ispilua du eszenatokietan egin duen ibilbide txalotuan. Oraindik orain antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Olivier saria eraman du Paulina antzezteagatik The Winter's Tale antzezlanean, Kenneth Branaghek West Enden egindako ekoizpen arrakastatsuan, eta aurrez ere Olivier sarien irabazle suertatu da obra hauetan egindako lanagatik: Macbeth eta Juno and the Paycock, RSC konpainiarako; Pack of Lies London Lyric antzokian; eta Anthony and Cleopatra, Absolute Hell eta A Little Night Music The National Theatre antzokian. Richard Eyreren zuzendaritzapean Critics' Circle saria eta Olivier sarietarako izendapenak jaso zituen The National eta Aldwych antzokietan David Harek idatzitako Amy's View obrako antzezpenak, baita emakumezko aktore onenaren Tony saria ondoren ere, antzezlana Broadwayra eraman zenean. Antzerkian beste lan hauek ere egin ditu: The Royal Family, Peter Hallek zuzendua; The Breath of Life, Howard Daviesek zuzendua eta Maggie Smith damarekin batera antzeztua; All's Well That Ends Well, RSC konpainiarako; Hay Fever, Peter Hallek zuzendua; The Merry Wives of Windsor, RSCrako; Madame de Sade, Michael Grandageren zuzendaritzapean, The Donmar antzokirako (West End); A Midsummer Night's Dream, Peter Halleren ekoizpena Rose Theatre antzokirako (Kingston); Peter and Alice, Michael Grandagek zuzendua (West End); eta The Vote, Josie Rourkek 2015ean The Donmar antzokirako zuzendua eta Erresuma Batuko hauteskunde orokorren gauean zuzenean telebista bidez emana, mugarria jarri zuen ekitaldi batean.

Zinemaldiak honako Sailak ditu:

  • Sail Ofiziala
  • Donostia Saria Emanaldi Bereziak
  • New Directors
  • Horizontes Latinos
  • Zabaltegi-Tabakalera
  • Perlak
  • Culinary Zinema
  • Zinemira
  • Made in Spain
  • Nest Film Students
  • Belodromoa
  • Haurrentzako Zinema
  • Atzera begirako klasikoa: Muriel Box
  • Klasikoa

Zinemaldiak honako Sariak banatzen ditu:

  • Sail Ofiziala:
    • Film onenaren Urrezko Maskorra (ekoizlearentzat).
    • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Argazki onenaren epaimahaiaren saria.
    • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria.
  • Kutxabank-New Directors Saria
  • Horizontes Saria
  • Zabaltegi-Tabakalera Saria
  • Donostia Hiria Publikoaren Saria
  • Euskal Zinemaren Irizar Saria
  • Gazteriaren Saria
  • Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Saria
  • Zinema Eraikitzen Sariak
  • Glocal in Progress Sariak
  • Nest Film Students Saria
  • TVE-Beste Begirada Saria
  • Espainiako Lankidetza Saria
  • Donostia Sariak
  • Zinemira Saria

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Kartela 2018
Musika Gipuzkoan twitter Facebook Txikiweb Erakusketak