Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Museoak / Museoak, erakusketak..
  3. Erakusketa: "POP POP POP American Pop Art"

Erakusketa: "POP POP POP American Pop Art"

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 15/06/2018

Bukaera: 30/09/2018

Sarrerak: Doan / Gratis


Ekitaldi gehiago Kubo-Kutxa Aretoa

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

Lotura interesgarriak

Donostiako Kubo-kutxa aretoak "POP POP POP American Pop Art" erakusketa inauguratuko du. 2018ko ekainaren 15etik irailaren 30era bitarte egongo da ikusgai.

  • Komisarioa: Dolores Durán Úcar

Erakusketak arte-korronte horretako funtsezko 100 bat lan biltzen ditu, estiloaren 5 ordezkari nagusienak: Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg.

American Pop Art: mugimendua

Pop artearen ezaugarria da komunikabideen eta publizitatearen mundutik hartutako irudiak eta gaiak erabiltzen dituela. Mugimendua 1950eko hamarkadaren erdialdean jaio zen, Ingalaterran, espresionismo abstraktuari aurre egiteko arte-korronte berri gisa, hura estilo hutsa eta elitista zela baitzeritzoten. Mugimendu berria Estatu Batuetara hedatu zen berehala, eta bertan izan zuen proiekzio handiena.

Lawrence Alloway britainiar kritikariak erabili zuen lehen aldiz terminoa 1962an, zenbait gazte irudi herrikoiak erabiliz sortzen ari ziren artea definitzeko. Era berean, Time, Life, News Week eta beste aldizkari garrantzitsu batzuek hainbat saiakera idatzi zituzten arte-estilo berriari buruz, baina, hala ere, publiko handiaren eta hedapen handiko aldizkarien aitorpena lehenago iritsi zitzaion kritikari espezializatuena edo arte garaikideko museoena baino.

Pop arteak dadaismoan zuen jatorria, eta hirurogeiko hamarkadako giro kulturalaren oinarrizko ezaugarriak erakusten zituen, baita Hollywoodeko izarrak idolatratzen zituen gizarte kontsumistaren sentipenekin lotutako ezaugarriak ere; horrez gainera, pixkanaka globalizatzen zihoan munduaren lekuko ezinbesteko bilakatu zituen komunikabideak. Firma komertzialak –Kellog's, Heinz edo Campbell, besteak beste– supermerkatuetako apalategietatik atera, eta arte-galerien hormetara iritsi ziren, aro berri bateko kodeak sortzeko. American way of live delakoak, komunikabide masiboek bultzatutako modernotasunak eta kapitalismo joriaren munduan gainezka egiten zuen kontsumoak kultura eta haustura kontzeptu berriak ehuntzen zituzten.

Pop arteak beretzat hartu zituen komunikabideen berezko teknika plastikoak, hala nola komikia, argazkia eta argazkitik eratorritako prozedurak –handitzeak eta alboratzeak, collagea, fotomuntaketak– eta publizitate-kartela, hainbat teknika bisual darabiltzana –metaketa, aurkaritza, ezabapena–. Margo akrilikoa erabiltzea (karteleko kolore lauetatik eratorria), bidimentsionaltasuna lantzea, marrazki gardenaren baliabidea aplikatzea eta formatu handia erabiltzea Amerikako Pop artearen beste zenbait ezaugarri dira.

Serigrafia izan zen Pop artisten artean gehien erabili zuten tekniketako bat, sormen askatasun handia ematen zuelako, lanak bizkorrago egitea ahalbidetzen zuelako eta artistari lan ugari egiteko aukera ematen ziolako; aukera hori bat zetorren errepikapenezko lanaren kontzeptuarekin.

POP POP POP American Pop Art erakusketak Amerikako Pop Arteko artista nagusien 60 lan biltzen ditu, eta agerian uzten du eguneroko bizitzako edozein objektu bihur daitekeela arte.

Erakusketa

Erakusketa 5 espaziotan egituratuta dago, eta horietako bakoitzean egile baten lanak daude ikusgai:

  • Andy Warhol (1928-1987)
    • Seguru asko, amerikar artista ezagunenetako bat da publiko handiarentzat, herri-kultura hedatzeko izan zuen grinari esker, zalantzarik gabe. Haren lanak ikonikoak dira, eta berehala antzeman daitezke. 1960ko hamarkadan, erretratuak egin zituen zinema-izarren prentsako argazkiak eta publizitate-irudiak abiapuntutzat hartuta, eta horixe izan zen haren ekoizpeneko gai nabari eta adierazgarrienetako bat. Une horretan sortu zituen, halaber, bere bilduma ezagunenetako batzuk, hala nola Campell zoparen latena edo Flowers izenekoa. Garai hartan, Warholen estudioa, gerora The Factory izenez ezaguna, New Yorkeko Pop kulturaren erdigune bilakatu zen.
    • Haren lana gertaera garaikideetan oinarritzen zen, Marilyn Monroeren suizidioan edo Johnn Fitzerald Kennedyren hilketan, besteak beste; eta gai polemikoak ere nabarmendu zituen, hala nola aulki elektrikoa (Electric Chair bilduma), heriotza-zigorraren aurkako aldarrikapena eginez. Hala, esan daiteke azaleko fribolitate horren atzean inguruko errealitate soziopolitikoarekiko konpromisoa agertzen zuela.
    • Nabarmenkeria izan zen nagusi haren bizitzan, eta bere irudi propioak mito bilakatu zuen artista. Amerikar artearen ikono handia eta modernotasunaren ikur izatera iritsi zen.

  • Robert Rauschenberg (1925-2008)
    • Artista kritiko, esperimental eta diziplina anitzeko honek sortu zuen historiako lehenengo happeninga 40ko hamarkadaren amaieran: Theatre Piece #1 antzezlana. 1949an iritsi zen New Yorkera, espresionismo abstraktuaren eta action painting teknikaren une gorenean, eta haren lehenengo lanak abstraktuak eta monokromatikoak izan ziren. Ondoren, eguneroko bizitzako ohiko objektuak sartzen hasi zen. Haren teknika Pop artearen barruan kokatzen da, baita haren diskurtsoa ere, kontsumo-gizarteari buruz ironiaz mintzatzen dena.  
    • Beste kideko batzuen antzera, artearen munduan ez ezik, lan handia egin zuen, halaber, giza eskubideen eta adierazpen-askatasunaren esparruan. The Rauschemberg Overseas Culture Interchange elkartea sortu zuen, arteak mundua eraldatzeko gaitasuna zuelako ideian oinarrituta.

  • Roy Litchtenstein (1923-1997)
    • XX. mendean itzal handien izan zuen artistetako bat da. Espresionismo Abstraktutik igaro ostean eta konstruktibismoarekin esperimentazio-garai bat izan ostean, 60ko hamarkadaren hastapenetan arau horiekiko haustura planteatu zuen, eta eguneroko bizitzari erreparatzen hasi zitzaion, gizarte kontsumistak menderatutako giro kultural batean. Hala, Pop arteko artista garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, estilo erabat berria eta berezkoa sortu baitzuen, zeinak, itxurazko arinkeriaren azpian, hurbilketa kontzeptual sakona egiten zuen artistak industria osteko munduan zuen eginkizunari buruz eta sorkuntzei buruz.
    • Haren lanak nahasezinak dira: kolore primarioak erabiltzen zituen; figuren profilak marra beltz lodi batekin markatzen zituen; itzalak sortzen zituen Benday puntu bereizgarriekin (puntu bidezko inprimatze sistema, Benjamin Henry Day semeak asmatua), eta onomatopeiak nahiz bunbuilo inskripziodunak txertatzen zituen, komikiaren estetika antzeratzeko.

  • Keith Haring (1958-1990)
    • 1979an iritsi zen New Yorkera, eta underground artisten komunitate batean sartu zen. Haien ustez, arteak museoetako aretoetan giltzapetuta egoteari utzi behar zion. Marrazki bizidunekiko interesa zuenez, horietan oinarrituta irudi oso eskematikoen grafitiak egiten hasi zen metroko publizitate-paneletan, eta ia ezin konta ahala figuraz betetzen zituen. Istorio horietan nahasita ageri ziren pertsonaiak, animaliak edo sexu-elementuak, eta ondoren telebistak, telefonoak edo energia nuklearrarekiko erreferentziak ere erantsi zizkien; horrek guztiak agerian uzten zuen botereak edo teknologiak eragiten zioten larritasuna.
    • Haren ibilbidea eten egin zen 1988an HIESa diagnostikatu ziotenean. Orduan hasi zuen Apocalypse bilduma, William Borroughs idazlearekin lankidetzan. Bilduma horretan ironia zorrotzez landu zituen familia, erlijioa, artea eta beste gai batzuk, eta gaitza munduaren amaieraren iragarpen gisa aurkeztu zuen.

  • Robert Indiana (1928-2018)
    • Jaiotzez Robert Clark izena bazuen ere, artista-izena bere jaioterritik hartu zuen, Indianapolisetik. «Estatu Batuetako ikurren margolari» gisa definitu zuen bere burua. Pop arteko beste artista batzuk ez bezala, masa-komunikabideez baino gehiago arduratzen zen estatubatuar identitateaz, amerikar ametsaz edo abstrakzioaren zein hizkuntzaren ahalmenaz. Asaldura politiko eta sozialari buruzko gaiak planteatzen zituen bere lanetan, eta erreferentzia historiko nahiz literarioak egiten zituen.

Jarduera paraleloak

Ohikoa denez eta hezkuntza zorroztasunari eutsiz, arte-eremuko hezkuntza ezagutza sortzeko tresnatzat hartuz, hainbat publikorentzako tailerrak egingo dira.

  • Familia-tailerra, larunbatetan, 12:00etatik 13:30era. 5 urtetik 11 urtera arteko haurrentzako, heldu batek lagunduta.

  • Bisita gidatuak, larunbatetan, 18:30tan euskaraz eta 19:30tan, gazteleraz. Doan.

  • Helduentzako serigrafía-tailerra UNDERMOUNTen eskutik. Uztailaren 7an eta 21an eta irailaren 8an eta 22an, 17:00tatik 19:00tara.

  • POP Baby Art tailerra 2 urtetik 4 urtera arteko haurrentzako, heldu batek lagunduta. Uztaileko ostegunetan 11:30-13:00.
    • Uztailaren 5ean, Mickey POP
    • Uztailaren 12an, Keith Haring
    • Uztailaren 19an, Warhol eta Rauschenberg
    • Uztailaren 26an, Roy Lichtenstein.

  •  POP POP POP tailerra: 5 urtetik 10 urtera arteko haurrentzako, heldu batek lagunduta. Uztaileko ostegunetan 17:30-19:00.
    • Uztailaren 5ean, POP POP POP I
    • Uztailaren 12an, POP POP POP II
    • Uztailaren 19an, POP POP POP III
    • Uztailaren 26an, POP POP POP IV

Ordutegia

  • Asteartetik ostiralera: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00
  • Larunbata, igandea eta jaiegunak: 11:30-21:00

Kubo-kutxa

"POP POP POP American Pop Art" erakusketaren foiletoa Erakusketaren obra bat (Andy Warhol. Marilyn Monroe 1967) Erakusketaren obra bat (Robert Rauschenberg. The fest 1991-1992) Erakusketaren obra bat (Roy Lichtenstein. American Flag 1985) Erakusketaren obra bat (Keith Haring. Apocalypse VI 1988) Erakusketaren obra bat (Robert Indiana. LOVE 1967)
Musika Gipuzkoan twitter Facebook Txikiweb Erakusketak