Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ondarea / Ondare Kultural eta Artistikoa / Arkitektura eta Arte Zibila / Baserriak, Dorretxeak
  3. Beasain: Igartzako Monumentu-Multzoa

Beasain: Igartzako Monumentu-Multzoa

Inongo zalantzarik gabe, Igartza da Beasaingo gure historiako kokalekurik garrantzitsuena. Iñaki Linazasorok “Gipuzkoako Baserriak” liburuan dioen bezala. Ahaide nagusien etxea izan zen, eta bertako Jaunek Gipuzkoako Ahaide Nagusien Erdi Aroko borroketan oinaztarren aldean partaidetza aipagarria izan zuten.



Bere barnean ikus daiteke:

Igartzako Jauregia

Hasiera-hasierako dorretxea, seguraski, XII.mendean eraikia zatekeen zubiko pasagunea eta Oria harana zeharkatzen zuten bide garrantzitsuak zaintzeko.

Igartzako jauregiak Lazkaoko etxean du bere noblezi jatorria (Oinaztarra beraz) eta Gartzi Lopez Lazkaoko (Oiaztarren buruzagiaren laugarren semea) eta Marina Igartakoarekin izan zuen hasiera XIV. mendearen bigarren zatian (1370 aldera). 1420an, Lazkaoko Jaunak Igartza eraso zuen kalte ugari sortuz eta 1457an Gipuzkoako Hirien Anaidiak, Enrike IV.aren laguntzaz, lurraldeko dorretxe ugari erauzi zituen, horien artean Igartzakoa. 1460. aldera berriro jauregi moduan eraikia izan zen.

Igartzako jauregiaren neurriak, barruko patioak eta patioaren inguruko antolaketak Errenazimendu garaiko jauregien ezaugarri dira. Barruko patioa aparta da eta Gipuzkoan bakarra. Beheko oina, harlagaitzez egina dago, eta bertan azpimarratzekoak dira sarrerako puntu-erdiko arku dobelatuak eta halaber ojibalak. Era berean bi bao biki ere. Baina jauregi honen altxorrik preziatuena goiko oineko zurezko egitura da, XVI. mendean euskal arkitekturan zura nola erabiltzen zen erakusten duen adierazle bakarretakoa.


Igartzako Zubia

Jatorrizko zubia seguruenera XIII. mendeko bigarren zatian eraiki bazen ere, egungo bizkargain formako profilak eta zubi-bularrak XVI. mendean eraiki zela adierazten dute. Zubia Erdi Aroaren hasieran zegoen bide-azpiegituraren lekuko dugu.


Igartzako Burdinola

Gipuzkoako eta hedaduraz Euskal Herriko zatirik handieneko industriaren lehen adierazpideetako bat burdinolak edo burdin mea aberasteko lantegiak izan ziren bertan zeuden meategi ugariei eta egur-ikatza egiteko baso nahiz ur-jauzi onak zituzten ibaie esker.

Igartzako Burdinola Nagusia bere garaian Gipuzkoako garantzitsuenetakoa izan zen. Errotatik zertxobait beherago dago eta errotako ur-jauzi eta azpiegitua hidrauliko berbera probetxatzen zituen. 1855era arte aritu zen lanean. Gaur egun, azken zatiak eta antepara dinteldunak bakarrik diraute zutik. Burdinola honen garrantzia hainbestekoa izan zen, ezen, zenbait errege-erregina gaztelar bertara etorri zirela ezagutzera, hala nola, 1565ean Valois-ko Isabel erregina (Felipe II.a erregearen hirugarren emaztea), 1615ean Felipe II.a eta 1660an Felipe IV.a.


Igartzako Burdinola Zurezko Urte-Horma

Oria ibaiaren gune batean, Igartza inguruan, antzinako burdinolarako eta errotarako ur-hornikuntza egiteko aldaparoa zegoen eta haren abiapuntuan urtegia. Urtegi-horma hori ur bizien garaietan kaltegarria zela iritzita, erauzi egin zuten eta orduan, goraxeago, lehen urpean gelditutako antzinako urtegi-horma zaharra agerian gelditu zen bere zurezko egitura ikusgarriarekin, hain zuzen ere, Erdi Aroan burdinolan erabiltzeko ibaiko ura biltzen zuen urtegi zaharrari zegokiona.

Erdi Aroko gure teknologia adibide bakarra den hau kontserbatzeko zeuden aukera desberdinak banan-banan eta zehatz azterturik, azkenean, pieza guztiak jasotzea erabaki zen, eta banan-banan desmuntatu zuten geroago leku eta baldintza egokietan muntatu ahal izateko.


Errota

Errota XV. mendeko bigarren zatian koka daiteke. Igartako Errota, mekanika-arloari zegokionean, mende honetan Gipuzkoan funtzionatu izan dutenen artean erroatik aurreratuenetako bat izan zela esan dezakegu oker ez gauden ziurtasunarekin. Bere ekoizpenak,orduko 80 kg gari eta 40 kg garagar iritsi zituen.

Errota hau industri erregistroetan azaltzen den azken urtea, 1.963a da. Martina Irizar Gurrutxagaren izenean azaltzen da. 1.982ko Pilarika egunean (urriaren 12an) bota zen izen bereko presa (industri aurreko ondarearen bitxia, jakintsuen esanetan) eta orduan amaitu zen errota zehar haren iharduera.


Gurutzeta

Beasaingo gurutze hau oso bidegurutze garrantzitsuan kokatuta dago. IGARTZAN elkartzen ziren Gaztelatik Gipuzkoara sartzen ziren bi bideak: bata Sandratiko koban zeharrekoa eta bestea Leniztik zetorrena eta hemendik aurrera batuta jarraitzen zuten Euskal Herria igaro eta Frantziarantz. Era berean IGARTZATIK pasatzen zen Nafarroatik Bizkairantz aurrekoa gurutzatuz zihoan bidea.

Hala bada, gaur egun gurutze horrek duen kokapena, 1983koa da, baina lehen zuen betidaniko kokalekutik 100 metro eskas lekualdatu zen egungo zirkulaziotik zertxobait urruntzearren.

Oinarriaren alde bakoitzean, metalezko bi plaka erantsi ditu, euskarazko eta espainierazko testuekin: “Igartzakoa naiz Tolosatik lau legoatara. 1596ko Urria” eta “Soy de Igarza a quatro legoas de Tolosa. Octubre de 1.596”. Testu hau, Loinazko San Martinen idazkari izkribu-kopiatzaileak idatzi zuen hark diktatuta.


Dolarea Baserria

Bidaiarientzako benta moduan erabili zen. Zubiaren ondoan eraiki zuten, jauregiaren babesean. Baserriaren egitura eta neurriek parean dagoen jauregia gogorarazten dute, nahiz eta seguruenera jauregia bera eta zubia baino zertxobait berenduagokoa izan. Fatxadako puntu-erdiko arku-forma hartzen duten hiru ateak, bidaiariak hartzeko atariaren lekuko dira. Baserriaren izenak berak adierazten duen bezala (dolare=tolare) sagardoa egiteko dolarea ere bazen bertan. Gaur egun baserri bihurtuta dago.


Bisita gidatuak:
Larunbata eta Igandetan:
-11:00etan eta 16:00etan Euskaraz.
-12:30etan eta 17:30etan Gaztelaniaz.

Musika Gipuzkoan twitter Facebook Txikiweb Erakusketak