Arrasate, edo Mondragón, Euskal Herriko udalerria, Gipuzkoako hegomendebaldean
dago, eta Deba Garaia eskualdekoa da, Bergara, Oñati eta beste hainbat
herrirekin batera.
Historiaurrean aurkitzen dira lehen giza aztarnak Arrasaten. Erdi Paleolitos
garaiko (musteriar aldikoa) giza humero bat aurkitu zen Lezetxiki aztarnategian,
eta Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrena da.
Erdi Aroan erakundetu egin zen antzinako herria, 1260an Alfontso X. Jakintsuak
Fundazioko Karta edo Fundazioko Forua eman eta gero Mondragon izeneko hiri
bihurtu zuen.
XV. mendeak, bandoen gudaldien ondorioz, 1488an sute ikaragarria gertatuko
da hirian. Mende horren bukaera aldera hasi ziren zabaltzen eta indartzen
burdinolak, eta XVI. mendean goia jo zuten. Ospe handia izan zuten altzairugintzak
eta armagintzak Europako gorteetan.
XVIII. eta XIX. mendeetan guztiz desagertuko zen burdingintza famatu hura.
Baserriaren eta lehengo artisautzen krisialdiak bide berria ireki zuen; mende
hasierako industrializazio berria ekarri zuen harek, hasieran sarrailgintza
eta geroago, gaurko egunean dagoen industria aniztasuna.
Aurreko mendetik hona, industria da jarduera ekonomiko nagusia herrian eta,
haren barruan, metalurgiaren adarra. Gaurko egunean, sarrailgintza, mekanizatuak
eta etxetresna elektrikoak azpimarratu behar dira.
Azken hamarkadetan, Arrasate eta haren inguru geografikoa ezagun egin da,
mundu osoan halaxe aitorturik, hementxe sortu delako euskal kooperatibaren
esperientzia eta kooperatiba industrial garrantzitsuena (Fagor Taldea) eta
zerbitzuetako kooperatibarik garrantzitsuenak (Euskadiko Kutxa, Lagun Aro
Aseguruak, Eroski, e.a.) hementxe daudelako, eta horiek guztiak Mondragón
Corporación Cooperativa (MCC) osatzen dute.
Udalerriko biztanleen ia %50ek egiten du lan kooperatibetan, eta horrek
guztiak ekarri du, duen kemenari eta dinamismoari esker, bete-betean aurre
egitea 1980.eko hamarkadan Estatu osoak izan duen krisialdi ekonomikoari.
Horrela, Arrasaten eta haren eskualdean, gaur ere Euskal Herriko eta Estatu
Espainiarreko batezbestekoa baino txikixeagoa da langabezia tasa.