Azkoitia

Azalpena:

Azkoitia Gipuzkoako barnealdeko herri bat da, Urola ibaia sortzen den haranean kokatuta dagoena. Haran hau altuera dexenteko mendiz inguratua dago.

Azkoitiatik Donostiara 57 Km. Daude, Bilbora 67 Km. Vitoria- Gazteizera 70 Km. Eta Iruñera 100 Km. Zumarraga eta Zumaia lotzen dituen GI-631 errepideak zeharkatzen du udalerria. Errepide hau da Donostiara joateko komunikazio-ardatza, N-634 errepide edo A-8 autopistaren bidez. Bilbora joateko lotunea GI-2634 errepidean egiten da, bide hau Elgoibarren N-634arekin eta A-8arekin elkartzen baita.

Azpiegitura lanei dagokienez, Azkoitia eta elgoibar, Urola bailara eta Deba bailara elkartzen dituen GI-2634 errepidea aipatu behar da, naturaren oztopoak gaindituz Azkoitiari bide berriak eskaini baitizkio. Bilbora, Donostiara, Zumarragara, Zumaiara, Tolosara eta Zarautza joateko autobus zerbitzuak badira Azkoititik.

Laburpen Historikoa:

Izarraitzeko Mari-Kutzeko trikuharrien arabera, dagoeneko Neolito garaian (Kristo aurreko 2.500-1.200 urteak) giza-arrastoa bazen inguru hauetan.

Honez gain, harresiz inguratutako leku bat ere aurkitu da Azkoitian, toki estrategiko batean kokatua, kastro (harresiz inguratutako herri) itxura duena. Han aurkitu diren materialengatik II. Burdin Aroan koka daiteke (Kristo aurreko 500. Urtea-K.a I. mendea). Muno-Haundiko kastro hau Txalintxo mendian kokatua da, 300 metroko altueran, eta Gipuzkoako lurraldean aurkitu diren era bereko beste hamar herrixkekin batera jarri beharrekoa da.

Azkoitiarekin zerikusia duen lehenengo dokumentazio idatzia Iruñeako Gotzaitegitik datorkigu. Idazki horren arabera, bazen hemen lurralde entitate bat, Iraurgi bailara izena zeramana, eta Gotzaitegi horren jabetzapean zegoena. 1.186-1.189ko dokumentazio honetan bi erlijio-gune zehazten dira, Baldako Santa Mariako parrokia, batetik, gerora Azkoitiko herriari sorrera emango diona, eta Soreasuko Sebastian donearen Eliza, gerora Azpeitiari sorrera emango diona.

Lur horietako agintea noren esku gelditzen zen erabakitzeko elkarren artean borrokan ari ziren Balda eta Oñatz familien artean batez ere, bien arteko borrokan Azkoitiko herria sartuz.

Azkoitiak, tirabira eta borroka ugarien aurrean herriaren eskumen edo jurisdikzioa emango zion pribilegio bat eskatu zuen berehala.

Alfonso XI.ak Sant Martin de Ahezcoytia de Yraurguiko biztanleria-guneari zenbait pribilegio eman zizkion, 1.324ko urtarrilaren 4an Burgosen idatzitako Puebla-Kartaren bidez. Baina laster batean, hiribildu berriaren biztanleak lekuz aldatu beharko dute herrixka, eta etengabe gertatu ohi ziren iskanbilengatik pribilegio berria eskatu behar izan zuten eta Urola ibaiaren beste ertzean, Baldatarren etxetik hurbil, kokatu behar izan zuten. Iraurgiko San Martinen zegoen jende multzoak egindako eskariari erantzunez, Alfonso XI.ak pribilegio berria eman zion, Illescas-en. Toledon, 1.331ko uztailaren 9an idatzia, Iraurgiko Miranda izena hartuz asentamendu berriak.

XV. mendean zehar hiribilduak indar hartzen joan ziren poliki-poliki, Baldatarrek, Ganboatarren bandoko familiarik ezagunenetakoak.

Horrela sartu zen Azkoitia XVI. mendean, gizartearen baitan eraldaketa sakona ekarri zuen krisia gaindituz. Azkoitiko Kontzejuak bazuen dorre bat bileretarako 1.458az geroztik eta garrantzi nabaria lortu zuen Gipuzkoaren bizitza politikoaren antolaketaren barnean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilkura-leku eta Korrejidorearen egoitzatarako aldizka-aldizka erabiltzen ziren lau herrietako bat izatera iritsiz.

Aro modernoan sortuko dira Azkoitian lehenengo euskal ilustratuak, Xabier Munibekoa, Peñafloridako kondea buru zela. Honek, Azkoitiko pertsona nagusi eta ospetsu batzuekin batera Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (gaztelaniaz Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais elkartea) sortu zuen 1.763an, Azkoitiko Zalduntxoak izenarekin ezagunagoa dena, Intxausti jauregian eginez euren bilkurak.

XVIII. mendeko urte hauetan Azkoitian beste gertaera entzutetsu bat ere gertatu zen, 1.766ko Matxinada, hain zuzen ere. Matxinada horretan, herritarrek bat egin ziren, alea garestitu zelako gosete eta prezio igoera handiko garai batean.

XIX. mendea gainbeherakoa izan zen Azkoitiarentzat, Guda Karlistetako borrokek emandako jipoiagatik, batetik eta burdinoletan oinarritutako ekonomiaren amaieragatik, bestetik. Dena delarik ere, mendearen erdi aldera herriaren industrializazioa hasi zen, ehungintzaren inguruan, oihal, abarketa eta txapelak egitean oinarritua. Lantegi garrantzitsuak sortu ziren.

Seme Kuttunak:

  • Nemesio Etxaniz (Azkoitia 1899 - Donostia 1982)

Telefono interesgarriak:

  • Udaletxea: 943 857 047
  • Udaltzaingoa: 943 857 171
  • Anbulatorioa: 943 852 213
  • Eusko Tren Autobusak: 943 543 210
 « Itzuli
Inprimatu

 Bilaketa  
Laguntza    
Azken Berriak | Iradokizunak | Info | Publizitatea | Gurekin harremanetan jarri | Legezkoa | kreditoak | SiteMap