Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Doakoak
  3. Erakusketa: Goenaga

Erakusketa: Goenaga

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 04/09/2020

Bukaera: 10/01/2021

Sarrerak: Doan / Gratis


Ekitaldi gehiago Kubo-Kutxa Aretoa

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

Lotura interesgarriak

Donostiako Kubo-kutxa aretoak Juan Luis Goenagaren atzera begirako erakusketa aurkezten du. Margolariaren 128 lan egongo dira ikusgai eta 2021. urteko urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik.

  • Komisarioa: Mikel Lertxundi Galiana

Artistaren bildumako lanak, 26 bilduma partikularretako lanak, Kutxa Fundazioaren Bildumakoak eta beste hainbat erakundetakoak: Gipuzkoako Foru Aldundia, D'Museoa (Donostiako Elizbarrutiko Museoa), ARTIUM Museoa, Vitoria-Gasteiz, Bilboko Arte Ederren Museoa, San Telmo Museoa (Donostia).

Juan Luis Goenaga

Donostian jaio zen, 1950. urtean. Autodidakta izan zen, eta haurtzaroko eta nerabezaroko olio-pinturetan eta marrazkietan jadanik sumatzen zitzaion joera espresionista. Hirurogeiko hamarraldian, Ur eta Gaur taldeekiko interesak bultzatuta, ahalegindu zen sorkuntza-lana euskal errealitate existentzialarekin errotzeko ahaleginarekin bat egiten. Hamarraldiaren amaieran Alkizan finkatu zenean definitu zuen bere-berezko espresioa, zeina gauzatu baitzuen bere ibilbidean zehar ñabardura ugari dituen baina erraz ezagut daitekeen ekoizpenean.

Erreferentzia-amalgama baten emaitza da haren lana, non elkarri lotzen baitzaizkien paisaiarekiko harreman zuzena, kokalekuak eta horien azpian dagoen historia, irakurketa zientifiko eta literarioak, bizipen pertsonalak eta ondare kultural eta artistikoa. Iraganeko sortzaileekin bat eginik, bere sentimenari egokitzen zaizkion kontzeptuak edo baliabideak asimilatzen ditu, eta askatasun osoz kondentsatzen ditu bere lanean. Bere belaunaldiko beste sortzaile batzuen antzera, abstrakzioaren eta figurazioaren artean ibiltzen da, naturaltasunez. Bi horien arteko mugak oso lausoak dira, eta bi bide horietan barrena egin dezake lan batek bere sorkuntza-prozesuan. Behin eta berriro errepikatzen diren gaien artean daude natura, paisaia, historia, familia, sexua. Askotariko bideak miatzeko gai dela erakutsi du, eta, zenbaitean, baita bere burua gezurtatzeko gai ere. Edonola ere, beti eutsi dio bere estiloari, joeretatik urrun, bere buruari leial.

Erakusketa

6 gune tematikotan dago antolatuta erakusketa. Gune horiek elkarren segidan daude areto nagusian antolatuta, egilearen irakurketa kronologikoa eta ebolutiboa egin ahal izateko. Horrez gainera, beste areto batean paper gaineko lana erakutsiko da, beste ibilbide paralelo baten antzera, baina modu autonomoan funtzionatuko duena, izan ere, Goenagarentzat papera ez da nahitaez pinturaren aurretiko urratsa.

1.- Naturan murgiltzea
1969. urtetik aurrera, Alkizan bizi zela, oso modu indartsuan bizi zuen naturan murgiltzeko eta paisaian latente dagoen osagai atabikoan murgiltzeko prozesua. Natura hori, maila handi batean, basatia da, baina ez dago presentzia historiko eta magikotik at. Itzalak (1972-1973), Belarrak (1973-1975) eta Sustraiak (1974-1976) sailak sortu zituen besteak beste. 70eko hamarraldiaren amaierako hainbat sailetan hasi zen irudia Goenagaren mundu begetalean bide egiten.

2.- Giza irudia eta errebelazio urbanoa
Hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarraldien arteko urteetan, Donostiara aldatu zenean, irudia nagusitu zen sail berrietan. Gaur egungoan jarri zuen arreta orduan, urbanoan, Henry Millerren sentsualtasunean eta gordintasunean, eta kolorez bete ziren bere lanak; baina, hala ere, aldaezin jarraitu zuten bere mundu begetalean nagusi izandako kemenak eta dinamismoak.
Une horretan, oso bizkor etorri zen, bata bestearen ondotik, sail-sekuentzia bat, neoespresionismo alemanarekin eta transabangoardia italianoarekin sinkronian: Profidén (1978); Antropomorfos y Andróginos [Antromorfoak eta Androginoak](1978-1979); Basoan dantza (1979-1980) edo Katástrofes (1980). Baina, handik gutxira, berriro ere forma hartu zuen itxuraz lehertutako errealitateak, bi lan-multzo hauetan: batzuk tonu oniriko eta ironikoak menderatuta (1981), eta beste batzuk bilbe urbanoa dutenak protagonista, erabakimenez mugitzen diren bikoteekin, pertsonaiekin eta automobilekin (1981-1982).

3.- Unibertso intimoa
1983. urteak garrantzizko aldaketak ekarri zituen, hala nola bere alaba Barbararen jaiotza eta Alkizarako itzulera. Horiek azaltzen dute, hain zuzen, unibertso intimora egindako itzulera, non nagusi baitiren autorretratuak, familia-eszenak eta eguneroko bizitzako objektuez osatutako izadi hilak. Hala ere, bikoteen motiboa eta hiri-ingurunearena lantzen jarraitu zuen, maila handi batean gizatasunaz gabetua bazen ere.

4.- Labarren inspirazioa
1991. urteaz geroztik indar handiagoz itzuli zen arkaikoaren eremura, Románico [Erromanikoa] eta Arkeolojiak sailen bitartez. Horrek markatu zuen hamarraldiaren parte handi bat, gaur egun arte.
Bertan ikusten da oso modu sakonean identifikatzen dela historiaurreko gizakiak naturarekin eta magikoarekin zuen harremanari emandako erantzunekin.
Lerroez, zirkuluez eta bilbeez osatutako hizkuntza erabiltzen du, labarretako horma bilakatutako euskarrien gainean. Mundu geologikoa ere (arrokak, fosilak, mineralak) funtsezko inspirazioa izango da garai horretan.

5.- Abstrakzioa versus figurazioa
XXI. mendearen lehenengo urteetan, substratu arkeologikoa gai nagusi gisa betikotu zen, baina, beste motibo batzuekin tartekatu ohi du, kolorearen berrikuntza azpimarratzen du beti, puruagoa eta argitsuagoa, aire zabalean egindako lanaren eta ikusleak bere pinturaz gozarazteko nahiaren eraginez.
2003. urteko udan, hainbat lan egin zituen Kubo-Kutxa Areto honetan bertan antolatutako Bidaideak: compañeros de viaje taldeko erakusketarako.

6.- Kobazulotik paisaiara
Azken bi hamarraldietako ekoizpenean ere agerikoa da gaien txandakatzea. Kolorearen aldeko apustua irmoa da, salbuespen bakarrarekin: 2011. urte inguruko interludio bat, non zuri ohiz kanpoko baterantz bideratzen baitira Goenagaren ikuspegiak. Ondoren, betiko gaietara itzultzen da: natura, mendi-bideak eta hiria (Urgull eta Igeldo mendien goienetik ikusia askotan).

7.- Paper gaineko lanak
Paper gaineko ekoizpena funtsezkoa izan da Goenagaren ibilbidean. Margolari gehienek ez bezala, zeinentzat marrazkiak eta akuarelak izaten baitiren prozesuaren aurrelana, olio-pinturetako formen eta gaien definizioaren ondorio gisa sortzen ditu Goenagak, askotan; baina baita bere bideari jarraitzen dion bat-bateko lanaren emaitza gisa ere. Euskarriak beti izan du garrantzia, baina Eskulan artisaua-paperarekin lan egiten hasi zenez geroztik izan du bereziki garrantzia. Bestalde, grabatuaren teknikek ere izan dute tartea Goenagaren ekoizpenean, hirurogeiko hamarraldiaren amaieraz geroztik horiekin jarduten hasi zenetik.

Erakusketarekin Loturiko Jarduerak

  • Bisita komentatuak, doakoak.
    • Larunbatetan. 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz
  • Olio-pinturari buruzko tailerra, Lucía Fermínekin.
    • 2020ko irailak 26, 17:00etatik 19:30era
  • Goenaga by… Mikel Lertxundi.
    • 2020ko urriak 15, 18:30ean
  • Begiradak kolorearen bitartez, Cristina Enea Fundazioarekin.
    • 2020ko urriak 17, 17:00etatik 19:00etara
    • Familientzako bisita-tailerra (8-14 urte). Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan hasi eta Kubo-Kutxa aretoan amaituko da.
  • Goenaga by…Roberto Sáenz de Gorbea.
    • 2020ko azaroak 12, 18:30ean
    • Gaztelaniaz. Doakoa, erreserbarekin

Ordutegia

  • Asteartetik igandera: 12:00-14:00 eta 16:00-20:00

Sarrera: doakoa

Kubo-kutxa

Goenaga erakusketaren foiletoa 2020
Txikiweb #etxean