Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Doakoak
  3. Erakusketa: José Ramón Amondarain

Erakusketa: José Ramón Amondarain

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 21/05/2021

Bukaera: 26/09/2021

Sarrerak: Doan / Gratis


Ekitaldi gehiago Kubo-Kutxa Aretoa

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

Donostiako Kubo-kutxa aretoak José Ramón Amondarain artista donostiarraren "Irudiak astintzea" erakusketa aurkezten du.

  • Komisarioa: Francisco Javier San Martín

Irudiak astintzea José Ramón Amondarainen lanari buruzko atzera begirako lehen erakusketa da; sakon aztertzen du artistaren 30 urtetik gorako ibilbidea, eta 200 pieza baino gehiago biltzen ditu, donostiar artistaren sortze etapa ia guztietakoak. Francisco Javier San Martín komisarioak eta Amondarainek berak aukeratu dituzte hainbat serietako lanak. San Martínen hitzetan, artistaren lana zera da, «hiru hamarkadako begirada arretatsua munduari eta gizarte garaikideari, baina baita artearen barnealdeari, artista garaikideen lanari edo tradizio modernistari».

Artistaren lanaren jarraitzaileentzat, agian harrigarria izango da eskultura izatea erakusketaren ardatza, Amondarain pinturarengatik baita ezaguna, nagusiki; baina eskulturak beti izan du presentzia haren lantegian, eta, era batera edo bestera, baita erakusketa guztietan ere. Horrenbestez, helburua Amondarainen obraren alderdi hori aldarrikatzea eta lan artistiko osoarekin harremanetan jartzea da

Artelanek Kubo Kutxa aretoko espazioa betetzen dute, haren jabe bihurtuta, bertan habitatuta; Amondarainek ongi pentsatuta aukeratu du piezen kokapena, erakusketa batek izan behar duenari buruz buruan darabilen ideiarekin bat datorren emaitza lortzeko. Eskulturen baso estrategikoki diseinatu batek hartutako espazioaren ideia, edo piezen multzokatzea, garrantzitsuak dira donostiar artistaren ibilbidea aztertzeko balio duen proiektu honen definizioaren parte gisa.

Lan gehienak artistaren bildumakoak dira, baina aukeraketa beste hainbat ekarpenek osatzen dute: bilduma partikularretakoek, eta Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Naturgy Fundazioa eta beste erakunde batzuetakoek. Horiek guztiek eskuzabaltasunez laga dituzte beren piezak aldi baterako.

«Irudiak astintzea» artistak berak erabilitako adierazpen bat da, eta, horren bidez, Artearen Historiarekin duen elkarrizketa aldarrikatu nahi du, jabetzearen, desbideratzearen, kopiaren edo parodiaren bidez gauzatzen duena, baina baita eguneroko irudiekin ere. Irudiak astintzeak berekin dakar hiper-oparotasuna ezaugarritzat duen testuinguru honetan kanpoko elementuak biltzea, eta horiei eragitea. Testuinguru garaikidean, jabetze oro saihetsezina edo geldiezina da, baina baita funtzionala eta produktiboa ere; muga lauso horretan sortu da erakusketa honetan erakusten dugun lana.

Erakusketa Kubo Kutxa aretoaren hiru espazioetan hedatzen da. Sarrerakoan, bi serie daude, Amondarainek legatu modernoarekin duen harremanari eta hori eguneratzeko tailerrean egindako lanari heltzen diotenak: hormetan, Anagramas [Anagramak] izeneko piezak daude, poliesterrezko piezak, zeintzuetan artista baten izena esaldi bilakatzen den, hizkien hurrenkera aldatuta; esaldi horrek zerikusia du artista horren lanarekin, edo, hobe esanda, Amondarainek lan horren gainean duen pertzepzioarekin. Eta aretoko eremuan, Aviones [Hegazkinak] seriea dago, aeromodelismoko pieza txikiak, donostiar artistak bereziki hurbilekoak dituen margolarien motibo bereizgarriz estaliak; pintura kamuflajea da lan horietan, eta omenaldia.

Areto nagusian, idulki gainean jarritako eskulturen multzo sarri eta gainpopulatu bat dago, eta Amondarainek eskulturaren arloan egindako lanaren aniztasuna ikus daiteke. Pieza batzuk handiak dira, hala nola El corte [Ebakia] edo Punto ciego [Puntu itsua], Háptica [Haptika] edo Cuánto de quién [Zenbat norena], eta beste batzuk, aldiz, zati txiki-txiki esperimentalak dira; badira lehen etapetako eskulturak, berunezko lanak edo olio lanak, eta baita hainbat material erabiliz orain dela gutxi egindako piezak ere, erakusketa hau prestatzeko prozesuan bertan sortuak, horietako batzuk. Hormetako batean, kartel edo manifestu itxura duten inprimaketen serie bat dago; artistak tailerreko lanean bidelagun dituen lan prozesuak, ideiak edo sugestioak erakusten dizkigute, eta irudizko eguneroko baten antzera funtzionatzen dute. Tailerrera itzultzeko gogoa berrelikatzen duten imajinazio distirak dira.

Eta, amaitzeko, hirugarren aretoan, Amondarainek bere ibilbide artistikoan zehar artelanak garatzeko erabili dituen irudien segida bat eskaintzen digu proiekzio batek. Atzeranzko begirada berezi horri esker, irudiek elkarren artean egituratzeko duten moduagatik artistak nola lan egiten duen irudika dezakegu, nahita artelanik gabe utzitako ingurune batean, non aurreko aretoan ikusitakoak topo egiten duen erreferentzia erabat adierazgarrien mundu batekin.

José Ramón Amondarain (Donostia, 1964)

Arte Ederretako lizentzia eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, pinturako espezialitatean, eta ondoren formakuntzarekin jarraitu zuen Artelekun (Donostia). Gero, Künstlerhaus Bethanien (Berlin) zentroko ikasketa programan egonaldia egin zuen.

Hainbat erakundetako aretoetan erakutsi du bere lana, honako hauetan, adibidez: Rekalde Aretoa, Bilbo; Guggenheim Museoa, Bilbo; Museo Patio Herreriano, Valladolid; DA2, Domus Artium, Salamanca; CAAM, Las Palmas Kanaria Handikoa; Palais de Beaux-Arts, Brusela; La Casa Encendida, Madril; Koldo Mitxelena, Donostia; Museo Galdiano, Madril; Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa, Vitoria-Gasteiz.

Nazioarteko azoka batean baino gehiagotan parte hartu du; hona hemen horietako batzuk: ARCO, Madril; ART BASEL, Basilea; ART FORUM BERLIN, Berlin; ART AMSTERDAM, Amsterdam; ART BEIJING, Beijing.

Haren lanak ikusgai daude Gasteizko ARTIUM Museoan eta Madrilgo Reina Sofia Museoan, eta zenbait bildumatan: Bartzelonako La Caixa Fundazioarenean, Madrilgo CA2M zentroarenean, Coruñako Unión Fenosa museoarenean edo Espainiako Bankuarenean.

1993an Endesa Beka lortu zuen; 1999an, Botin Beka, eta 2018-2019an Erromako Espainiako Akademiarena.

Zalantzarik gabe, José Ramón Amondarain euskal artista bikainenetako bat da, baina euskal testuingurutik haratago ere presentzia izan du azken hamarkadetan, pinturaren arloari buruz izan diren nazioarteko eztabaidetan. Artista poliedrikoaren adibide ona da, prozedura material eta kontzeptual sorta zabala erabiltzeko gai den artistarena, alegia

Jarduerak:

  • Doako bisita gidatuak
  • Larunbatero
  • 17:30 euskeraz / 18:30 gaztelaniaz
  • Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Aretoan bertan, T 943 251939, edo hezkuntza_kubo@kubokutxa.eus

Ordutegia:

  • Asteartetik igandera: 12:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00

José Ramón Amondarainen Donostiako erakusketaren foiletoa 2021
Txikiweb