Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Bisitak eta Txangoak / Bisita Gidatuak
  3. Erakusketa: "Bidaiarik Luzeena. Lehen Mundu Bira"

Erakusketa: "Bidaiarik Luzeena. Lehen Mundu Bira"

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: San Telmo Museoa

Ordua:  

Hasiera: 26/06/2021

Bukaera: 24/10/2021

Sarrerak: 6 €


Ekitaldi gehiago San Telmo Museoa

San Telmo Udal Museoa.

Ignacio Zuloaga Plaza, 1 (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943424970
943420094
Fax: 943430693
Web: http://www.amigosdesantelmo.org
Email: santelmo@donostia.org

Donostiako San Telmo Museoak "Bidaiarik Luzeena. Lehen Mundu Bira" erakusketa aurkezten du.

  • Acción Cultural Españolak (AC/E) ekoitzitako erakusketa 2019an aurkeztu zen Sevillan, Indietako Artxibo Nagusian, eta mendeetan zehar Juan Sebastian Elkanok 1522an amaitutako lehen mundu biraren ikerketa ahalbidetu duten dokumentu eta kronika nagusiak erakusten ditu.
  • San Telmo Museoan, Indietako Artxibo Nagusiko eta Sevillan erakutsi ziren hainbat erakunde eta bildumatako jatorrizko objektuei Euskadiko Artxibo Historikoko Laurgaingo Dorreko artxiboan (Eusko Jaurlaritza) aurkitutako bost gutun gehitu zaizkie, bai eta museoko bildumetako hogei bat objektu eta Koldo Mitxelena Kulturuneko (Gipuzkoako Foru Aldundia) dokumentuak ere.
  • Euskal Itsas Museoan, bestalde, Victoria ontzian eguneroko bizitza nolakoa zen azaltzen duen erakusketa ere zabaldu da, 24-H Egun bat Victoria ontzian

Bidaiarik luzeena: lehen mundu bira Accion Cultural Españolak (AC/E) eta Kultura eta Kirol Ministerioak antolatutako erakusketa da, Magallaes eta Elkanoren lehen zirkumnabigazioaren V. mendeurrena dela eta. 2019ko irailean erakusketaren lehen edizioa inauguratu zen Sevillako Indietako Artxibo Nagusian. Egun horietan bostehun urte bete ziren Magallaesen armada Sevillatik abiatu zenetik, eta orduan ospatu ziren prestaketen arrakasta ekintzailea eta bidaia historiko honen hasiera. Orain, 2021eko udan, Bidaiarik luzeena San Telmo Museora iritsi da, eta esan daiteke erakusketa, jatorrizko piezen eta dokumentuen hautaketa eta egitura errepikaezina mantentzen dituena, berbera dela, baina aldi berean aldatu egin dela, eta, bere diskurtsoari leial izanik, eraldatu egin dela, lehen mundu birako beste une garrantzitsu batekin bat egiten duelako.

Orain dela bostehun urte, Juan Sebastian Elkano Victoria itsasontziko kapitain izendatu zuten tripulatzaileek; Moluka uharteetarako bidea hartu eta bidaia hau esplorazioaren historian funtsezkoa bihurtuko zuena gertatzen hasi zen: Elkano eta Victoria itsasontziko gizonak mendebaldetik itzultzea, eta munduari lehen bira ematea. Beraz, Gipuzkoako marinelaren garaia da, bere nabigatzaile irudia zabaltzekoa eta Indiako ozeanoan zehar egindako itzulera luzearen balentria nautikoa ezagutzera ematekoa. Erakusketak hori azpimarratu nahi du, eta hori egiteko modurik onena Getariako nabigatzailearen artxibo pertsonaleko dokumentu baliotsuak, Laurgaingo Dorrean (Aia, Gipuzkoa) berriki aurkitutakoak, gehitzea da.

Antonio Fernández Torresek eta Indietako Artxibo Nagusiko artxibozain fakultatiboek, Guillermo Morán Dauchez eta Braulio Vázquez Camposek, zuzendu eta komisariatutako erakusketa munduaren lehen itzulia historia unibertsaleko gertaera giltzarri gisa kontatzeaz eta oroitzeaz gain, gizakiaren espiritu esploratzaileari eta ezezagunaren aurrean duen jarrerari egindako omenaldia ere bada.

Erakusketak mendeetan zehar planetaren lehen zirkumnabigazioa aztertzeko aukera eman duten dokumentu eta kronika nagusiak biltzen ditu. Bertan, ehun pieza eta dokumentu original inguru ikus daitezke, Indietako Artxibo Nagusikoak eta hainbat erakunde eta bildumetakoak, erakusketaren lehen egoitzan aurkeztu zirenak eta Donostian ere ikusi ahal izango direnak: Archivo Nacional Torre do Tombo, Lisboan; Coimbrako Unibertsitatea; Espainiako Liburutegi Nazionala; Madrilgo Museo de América; Valladolideko Museo de Arte Oriental eta Museo Nacional de Escultura; eta Real Academia de la Historia, besteak beste. Horiei Euskadiko Artxibo Historikoko, Koldo Mitxelena Kulturuneko eta San Telmo Museoko dokumentuak eta piezak gehitu zaizkie.

Hala, pieza multzo horretatik, nabarmentzekoak dira Aiako Laurgain dorretxean aurkitutako eta Euskadiko Artxibo Historikoak zaintzen dituen eskuz idatzitako jatorrizko gutunak; horien artean, Elkanok Carlos I.ari burutu berri duen balentriaren berri ematen diona. Eskuizkribu hori Sanlucar de Barramedatik bidali zuen seguruenik eta ondo erakusten du egindakoaren garrantziaz erabat jabetzen dela, enperadoreari mesede desberdinak eskatzen baitizkio. Eskutitz hori, erantzunarekin, bueltan jaso zuen Elkanok. Horrez gain, azpimarratzekoak dira: Carlos I.a gazte baten eskultura, Valladolideko Museo Nacional de Esculturatik datorrena; XV. eta XIX. mende bitarteko armak, batez ere Filipinetakoak, eta XVI. mendeko Georgius Hoefnagelsen litografia bat, San Telmo Museoko bildumetakoa, eta Pigafetta, Albo, Mafra eta Genovesko kroniken edizio historikoak.

Ondare historiko txundigarri hori ingurumen eta emozio testuinguru batean murgilduta egongo da, ikus-entzunezkoek eta eszenografia original batek osatua, bisitariari bidaia ozeanikoaren erronkak sentiarazteko eta jatorrizko dokumentuetan jasotako historia publikoari modu desberdin eta gizatiarragoan hurbiltzeko asmoz. Ildo horretan, Antonio Hierro maketistaren itsas modeloak nabarmentzen dira, bai eta Antonio Fernández Torresek diseinatutako eta Javier Romero Abriok eta Valcarcel tailerrak egindako eskulturak eta urregintzako piezak ere.

Erakusketa: esparruak eta testuinguruak

Erakusketa sei eremu handitan egituratzen da, bidaiaren fase desberdinetan oinarrituta: Ametsa, Abiatzea, Esplorazioa, Helmuga, Itzulera eta Aldakuntza. Horien bitartez, bisitariek, bitakora koaderno aberats eta askotarikoa osatzen duten protagonisten testigantza zuzenek gidatuta egin ahal izango dute ibilbidea. Ikusgai dauden jatorrizko dokumentuen laburpenez osatutako ontziko eguneroko horrek lehen itzuliaren ibilbidea berregiten du, eta erakusketaren ardatza da, bisitariak goitik ikusitako munduaren kontzeptu-mapa handi gisa planteatuta, denboraz kanpoko satelite bat balitz bezala.

  • Ametsa
    • Erakusketaren lehen eremuan, Ametsa izenekoan, testuinguru historikoa eta Malucoko Armadaren antolaketa bultzatu zuten arrazoiak aurkezten dira. Bertan, Bartolome de las Casasen bitartez, Magallaesek Valladolideko Gortean egindako aurkezpen historikoa ezagutu ahal izango da, baita bidaia ideia, amets izateari utzi eta proiektu bihurtzen hasten den une honetako gakoak eta protagonistak ere. Zenbait dokumentu eta piezek, Espezieriaren Armadaren Kapitulazioak edo Carlos I.aren bustoa kasu, lehen bloke hau egituratzen dute.
  • Abiatzea
    • Kapitulazioak sinatzearekin batera, erakusketaren bigarren eremuan sartzen gara. Ontziratutako tresnen jatorrizko zerrenden, tripulatzaileen nominen eta Magallaesen armadako bost ontzien ereduen bidez, XVI. mendeko Sevilla biziko dugu, bere garaian egindako bidaia luzeenerako armada bat antolatzeak ekarri zituen ahalegin eta kostuak ezagutuz. Eskulturek eta ikus-entzunezko batek agurraren unea eta bidaiaren hasiera testuinguruan kokatuko dituzte. Hemen, San Telmoren pieza batzuk ere aurkezten dira, Laurgainen lehen eskuz idatzitako gutunarekin batera, Carlos I.ak Juan Sebastian Elkanori egindako barkamen-zedula.
  • Esplorazioa
    • Itsasontziak ozeanoan daudela hasten da hirugarren eremua, Esplorazioa, non, lehen itzuliaren kronistek gidatuz, Magallaesen bidaiaren zeharkaldi eta eskala ezberdinak jarraitu ahal izango diren, mugarri garrantzitsuenetan, dokumentu, mapa eta pieza etnografiko ezberdinen bidez geldituz. Eszenografiak eta ikus-entzunezko elementuek bidaiaren zati bakoitza testuinguruan kokatuko dute, bisitariari gertaera desberdinak gertatu ziren meteorologia eta giroa ezagutaraziz. Magallaes itsasartea eta Ozeano Bareko gau ozeaniko handia dira erakusketaren zati honetako protagonistak.
  • Helmuga
    • Ozeano Bareko zeharkaldiaren eta giro aldaketa erradikalaren ondoren, erakusketa bere laugarren eremuan barneratuko da. Helmugan, Filipinetan nabigatzaileen bizipenak eta Moluka uharteetara iritsi arteko ibilbidea kontatuko dira. Magallaesen heriotza, Juan Sebastian Elkano Victoria itsasontziaren kapitain izendatzea eta armada Tidore uharte molukitarrera iritsi izana izango ditu hizpide. Cebuko Haur Santua, Valladolideko Museo de Arte Orientaletik datorrena, eta "Malucoko Bakeak" izeneko dokumentu garrantzitsua, eremu honetan aurkezten dira, non San Telmo Museoak ematen dituen pieza asko ere badauden, gehienak Filipinetako armak.
  • Itzulera
    • Moluka uharteak utzi ondoren, erakusketaren azken esparru handia hasten da: Itzulera. Hutsune ozeanikoa eta denboralea dira nagusi esparru horretan, eta Juan Sebastian Elkanoren eta Victoria itsasontziko gizonen eskalarik gabeko zeharkaldiaren handitasuna eta erronka teknikoa nabarmentzea du helburu nagusi. Aiako (Gipuzkoa) Laurgaingo dorreko, Lisboako Torre do Tomboko eta Francisco Alboren itsasbideko dokumentuek munduko lehen itzulia posible egin zuen itzulera bidaia luze eta ikaragarrian zehar gidatuko gaituzte.
  • Aldakuntza
    • Erakusketaren azken esparrua ontzia Sevillara itzultzea eta bidaiak bere garaian eta historian izandako oihartzuna dira. Bidaiatik itzuli diren gizonek espezien laginak eta beste bitxikeria batzuk eramaten dituzte gortera, baina, batez ere, orain arte egindako bidaia luzeenaren xehetasunak eramaten dituzte beren koaderno eta kroniketan. Mundua ez da gehiago berdina izango.
  • Ametsa
    • Baina bidaia luzeena ez da hemen amaitzen. Azken areto batean, Juan Sebastian Elkanoren eskuz idatzitako gutunak eta testamentuak El Sueño ikus-entzunezkoaren epilogoa eta sarrera izango dira, eta bidaia luzeenaren benetako gakoak ezagutuko ditu bisitariak. Gaur egun jarraitzen duen bidaia...

Erakusketa Euskal Itsas Museoan

San Telmo Museoko erakusketarekin batera, Euskal Itsas Museoan ere lehen mundu birari lotuta beste ikuspuntu bat eskaintzen duen erakusketa izango da. Izan ere, ekainaren 25etik aurrera Euskal Itsas Museoan 24H-Egun bat Victoria ontzian erakusketa zabalduko da, hau ere Antonio Fernández Torres komisario duena. Victoria ontziko eguneroko bizitzaren xehetasunak biltzen ditu, eta mundua aldatu zuen itsas-bidaian murgilduko ditu bisitariak. Giropenak eta eraikinak berak Victorian, bidaiarik luzeena egin zuen ontzi bakarrean, itsasoratzera eta bertan egun eta gau bat bizitzera eramango gaituzte. 2022ko urtarrilaren 9ra arte egongo da ikusgai.

Argitalpenak

AC/Ek erakusketaren katalogoa argitaratu du, lehen bi edizioak agortu dira eta hirugarren edizioa orain argitaratuko da. Museoan eta liburu dendetan eros daiteke, 25 euroren truke.

  • Izenburua: El viaje más largo
  • Orrialdeak: 400
  • Tamaina: 24 x 31 cm.
  • Prezioa: 25 euro

San Telmo Museoak eta Euskadiko Artxibo Historikoak Donostiako erakusketara gehitu diren pieza nagusiak biltzen dituen eranskina prestatu dute, Laurgaineko gutunetan arreta berezia jarriz. Salgai egongo da museoan eta webgunean, 6 euroren truke.

  • Izenburua: Bidaiarik luzeena/El viaje más largo
  • Orrialdeak: 24
  • Tamaina: 21 x 25 cm
  • Prezioa: 6 euro

San Telmo Museoak eta Euskal Itsas Museoak euskaraz argitaratu dute erakusketaren komisarioetako batek, Antonio Fernández Torresek, haurrentzako idatzitako ipuina.

  • Izenburua: Victoria eta lehen mundu bira
  • Orrialdeak: 58
  • Tamaina: 30 x 21 cm

Jarduerak

Doako jardueretan derrigorrezkoa da lekua erreserbatzea museoaren webgunearen bidez. Horretarako epea jarduera baino 15 egun lehenago irekiko da.

  • Hitzaldiak
    • "El testamento de Juan Sebastián Elcano", Manuel Romero
      • Uztailak 1, 18:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • Antolatzailea: Archivo Histórico de Euskadi. Laguntzailea: STM
      • +online
    • "El viaje más largo. La primera vuelta al mundo", Tomás Mazón
      • Uztailak 10, 19:00 (gaz). Eliza.
      • +online
    • "Elkano nabigatzailearen abizena eta armarria", Iñaki Garrido
      • Irialak 5, 12:00 (eus). Ekitaldi aretoa.
      • Hileko obra
      • Antolatzailea: AAMST. Laguntzailea: STM
    • "La historia con gafas violetas", Ana López Navajas.
      • Irailak 30 de septiembre, 19:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • Betaurreko moreekin. Laura Freixasek zuzendutako zikloa
      • +online
    • "La vida curiosa de William Dampier: el hombre que dio la vuelta al mundo 3 veces (1652-1715)", Carlos Rilova
      • Urriak 13, 19:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • Antolatzailea: AAMST. Laguntzailea: STM
    • "El viaje con gafas violetas", Pilar Rubio Remiro
      • Urriak 6, 19:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • Betaurreko moreekin. Laura Freixasek zuzendutako zikloa
      • +online
  • Mahai-Ingurua
    • "Participación vasca en la exploración del planeta Marte", Agustín Sánchez, Juan Manuel Madariaga (EHU), Miguel Angel Carrera (AVS de Elgoibar), Silvia Bonoli (DIPC).  
    • Mod.: Eva Caballero
      • Urriak 8, 18:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • +online
  • Argazki-Liburuak
    • "La traslación de la sirena", Irma Barrio
      • Irailak 11, 12:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
      • +online
  • San Telmo Gaua
    • "Musika mundu bira. Una vuelta al mundo musical", DJ Makala
      • Abuztuak 7, 19:00-21:30
      • Erakusketaren irekiera eta musika klaustroan. Sarrera doan.
  • Proiekzioa
    • "Elkano, lehen mundu bira", animazio pelikula. A. Alonso (2019)
      • Abuztuak 19, 19:00 (eus). Eliza.
      • + 10 urte
  • Ikuskizunak
    • "Elkano battela, xumea baina gurea", Koldo Amestoy, Nerea Alberdi, Kepa Elgoibar
      • Uztailak 31, 19:30 (eus)
      • Publiko helduarentzat.
    • "Amoria eta dolore. Elkano, lehen mundu bira"
    • "Elkano eta itsasoa", Lumi (Nahia Zubeldia, Manu Matthys)
      • Abuztuak 21, 19:30 (eus).
      • Publiko helduarentzat.
  • Master Class
    • "Elkano y Magallanes, la primera vuelta al mundo" película de animación. Ricardo Ramón (Dibulitoon).
      • Urriak 1, 18:00 (gaz). Ekitaldi aretoa.
  • Familia Jarduerak
    • "Victoria eta lehen mundu bira". Ipuin-ikuskizuna.
      • Irailak 4, 17:00 (eus). + 6 urte. Ekitaldi aretoa.
      • Doan
    • "Bidaiarik luzeena. Lehen mundu bira". Familia tailerrak.
      • Urriak 2, 16. 17:00 (eus). + 6 urte
      • 5 € / familia
      • Museoko bazkideek lehentasuna edukiko dute familia jardueretako sarreren erosketan.
    • Pista jokoa
      • Hala San Telmo Museoan, nola Euskal Itsas Museoan, familia jarduera egiteko materiala banatuko da modu autonomoan egiteko, bi egoitzen erakusketak ezagutzeko eta konektatzeko.
  • Bisita Gidatuak
    • Publiko orokorra, bisita gidatu programatuak:
      • Astearteetan, 10:30ean gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz
      • Larunbatetan, 10:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz
    • Haur eta familientzako bisita gidatuak: irailak 11, 17 eta 25, 17:00. Euskaraz.
    • Eskola-publikoa eta aisialdiko eta denbora libreko taldeak. Bisita autonomorako materiala egongo da.
    • Bisita gidatuetarako tokia erreserbatu behar da webgunearen bidez; bisitak doakoak dira, baina museorako sarrera erosi behar da.

Ordutegia: Asteartetik igandera, 10:00-20:00.

"Bidaiarik Luzeena. Lehen Mundu Bira" erakusketaren foiletoa
Txikiweb