Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Bisitak eta Txangoak / Bisita Gidatuak
  3. Erakusketa: "José Antonio Sistiaga. De Rerum Natura"

Erakusketa: "José Antonio Sistiaga. De Rerum Natura"

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 28/01/2022

Bukaera: 22/05/2022

Sarrerak: Doan / Gratis


Ekitaldi gehiago Kubo-Kutxa Aretoa

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

Donostiako Kubo-kutxa aretoak José Antonio Sistiaga artista donostiarraren "De Rerum Natura" erakusketa aurkezten du.

  • Komisarioa: Jean-Michel Bouhours

De Rerum Natura erakusketak irakurketa guztiz berri bat proposatzen du José Antonio Sistiaga artistaren obraren harira, zeina zortzi hamarraldiz garatu baita; naturaren aipamen ia etengabeak osatzen du erakusketaren ildo nagusia, eta, guztira, ehundik gora pieza biltzen dira bertan: margolanak, lan grafikoak eta filmak.

Margolaritza-molde honek berekin dakartzanez figuraren absentzia, materia piktorikoarekiko arreta, zoriaren garrantzia eta keinuak baliatzea –bere gorputzarekin lan egiten du artistak–, ohikoa izaten da jendeak zalantzan jartzea artistaren gaitasuna: «neuk ere egin dezaket hainbeste». Sistiagak lan figuratiboetara itzuli zen, gorputzaren gaiari lotuta, eta itzulera horrek argi eta garbi erakutsi zuen artistaren marrazteko iaiotasuna. Dena den, José Antonio Sistiagaren margolaritza beste iturri batetik dator: marrazteko bikaintasuna gainditzetik hain zuzen, norberaren gaineko lanketa luze baten eraginez, ekialdeko filosofietako jakinduriaren bidearen pare.

Hemen aurkeztutako obrei esker, hobeto uler dezakegu «paisajismotik» (paisaia-pintura) eratorritako ibilbidea eta inpresionismoan oinarritutako estiloa; ibilbide horretan, pixkana-pixkana, bide piktoriko berri bat bilatu zuen margolariak: «pintura puru» bat, zeinari esker zalantzan jartzen baitu, berriro ere, errealitatea irudien bidez erreproduzitzeko printzipioa; aldiz, goragoko adierazpentzat jotzen du margotzeko ekintza, kosmosaren pultsazioa ikertzearen pareko gauzatzat. Naturak dakarren inspirazio-iturritik aldendu ez baizik haren mekanismoetara jo zuen inspirazio bila Sistiagak, eta naturaren azkengabetasuna esploratu zuen zehazki: «Natura irudien bidez agortuko al da inoiz?» galdetu zuen Friedrich Nietzschek Le Gai Savoir obran; jarraian, hala gehitu zuen: «Infinitua da munduaren puskarik txikiena ere!».

1968tik aurrera, zuzenean filmaren gainean margotzen hasi zen artista, eta, horrela, bidea eman zion kosmogonia pertsonal, intuitibo eta guztiz irudimenezko bati, zeinak gogora baitakartza gure Unibertsoaren zedarriak: gauza infinituki txikietatik (partikulen mundua, materiaren osagarri) gauza infinituki handietara (izarrak, galaxiak…). José Antonio Sistiagaren filmek proposatzen diguten ikonografia berritik harago, «makina» zinematografikoa ustekabeko aliatua bilakatu gure artistarentzat, pinturaren bitartez tai gabe ahalegindu baitzen mugimenduan dagoena islatzen, Henri Bergson filosofoaren kontzeptua erabiltzearren.

Erakusketa sei aretotan banatuta dago, ordena kronologikoari segika; hala, bisitariak artistaren sormen-etapa guztiak azter ditzake, bai eta artistak baliatzen dituen material eta teknika askotarikoak ikusi ere.

José Antonio Sistiaga (Donostia, 1932)

Gaztedanik zaletu zen artearekin José Antonio Sistiaga, eta, 50eko hamarkadan Parisen bizi zelarik, arteari buruzko ikuspegi zabala eskuratu zuen; horrez gainera, Manuel Duque margolaria ezagutu zuen hirian, zeinak eragin handia izan baitzuen bere gainean. 1958an, margolan figuratiboak erakutsi zituen Donostian, eta urtebete beranduago gauza bera egin zuen Parisen. Hortik aurrera, mundu osoan erakutsi izan ditu bere lanak, etenik gabe (Espainia, Italia, Kanada, Frantzia, Estatu Batuak, Mexiko etab.).

Jean-Michel Bouhours komisarioak azpimarratu bezala, abstrakzio informalaren figura nagusietako bat izan da Sistiaga; nazioarteko korronte hori surrealismoaren ondorengoa zen hein batean eta Estatu Batuetan sortu zen 40ko hamarkadatik aurrera, Espresionismo Abstraktuarekin batera; ondoren, azkar zabaldu zen Europan barna, hainbat izenekin: abstrakzio lirikoa, keinuzko abstrakzioa…

Artearen didaktikaren paradigma aldatu beharra zegoela sinetsirik, artistak Adierazpen Askeko Lantegia ireki zuen Donostian 60ko hamarkadan, Esther Ferrer lagun zuela eta Freineten pedagogiari tiraka. Alderdi horretan egindako ekarpena bere testuinguruan ulertzeko, Pentsatzeko leku bat erakusketara jo daiteke, Gasteizko Artiumera; urtarrilaren 21ean zabaldu zituen ateak.

Ezbairik gabe, Gaur taldearen sorreran parte hartu izana mugarri nabarmena da Sistiagaren ibilbidean, baina mugarri orobat garrantzitsua da ...ere erera baleibu icik subura arauaren... (1968-1970) filma egin izana, horixe baita, zinemaren historian, zuzenean pelikularen gainean margotutako lehen film luzea. Zinematografia esperimentalari loturiko lanak, dudarik gabe, ekarpen handia izan dira euskal artearen historian, eta halako lanei esker hainbat jaialditan parte hartu du artistak (Oberhausen, Londres, New York, Paris, Brusela, etab.), baita Donostiako Zinemaldian ere (1989an Inpresioak goi-atmosferan aurkeztu zuen, erakusketa honetan ikusgai dagoen filma).

Gure inguruko bilduma gailenetan aurki daitezke Sistiagaren obrak: Bilboko Arte Ederren Museoan, Arabako Probintzia Museoan, San Telmo Museoan (Donostia), Kutxa Fundazioaren bilduman, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilduman, Bilboko Bankuaren bilduman, Bilboko Banku Industrialaren bilduman, Arrasate eta Madrilgo Laboral Kutxaren bilduman, Sofia Erregina Museo Nazionala Arte Zentroan eta Zinemateka Frantsesaren museoan, Parisen.

Jarduerak:

Doako bisita gidatuak:

  • Larunbatero, 17:30 euskaraz / 18:30 gazteleraz

Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979 mahai-ingurua:

  • Martxoak 10, 18:00tan. Kutxa Kultur Plaza (Tabakalerako 4. solairuan)
    • Rocío Robles Tardío, Sergio Rubira eta Mikel Onandia, Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979 erakusketaren komisarioak.
      • Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoarekin lankidetzan antolatutako jarduera.
      • Gaztelaniaz. Doan, webgunean aldez aurretik izena emanda.

José Antonio Sistiagaren ...ere erera baleibu izik subua aruaren... (1968-1970) filmaren proiekzioa:

  • Apirilak 6, 19:00etan. Tabakalerako zinema-aretoan (1. solairua)
    • 35 mm-ko filma, eskuz margotua, 75', mutua
      • Euskal Filmategiarekin lankidetzan antolatutako jarduera
      • Sarrerak Tabakaleraren ohiko guneetan salgai.

Katalogoa:

  • José Antonio Sistiaga
  • De rerum natura
    • Salneurria: 40 € (IVA incluido)
    • Hizkuntzak: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.
    • Testuak: Jean-Michel Bouhours eta Esther Ferrer

Ordutegia:

  • Asteartetik igandera: 12:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00

"José Antonio Sistiaga. De Rerum Natura" erakusketaren foiletoa
Txikiweb