Herria: Donostia / San Sebastián
Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa
Hasiera: 04/02/2023
Bukaera: 28/05/2023
Sarrerak: 0,00 €
Nire paisaia propioa erakusketak artistaren munduan murgiltzea proposatzen digu; izan ere, harentzat, margolaritza bizitzaren aurrean kokatzeko modu bat da, eta, hala, bere paisaia ordenatu, puru eta argia aurkezten digu, geometriari, espazioari eta argiari buruzko ikerketa sakonean oinarritua. Soledad Sevillak espresuki sortu du erakusketa hau Kubo Kutxarako, eta horretarako aintzat hartu ditu espazioaren iradokizunak. Erakusketaren izenburuak Pessoaren bertso bat du jatorrian, «Ni naiz nire paisaia propioa», eta artistaren ibilbideko lau puntu funtsezko islatzen ditu.
Komisarioa: Lola Durán Úcar
1. NADA TEMAS
Erakusketa honetarako, Soledad Sevillak Nada temas instalazioa sortu du, Santa Teresa Avilakoaren poema batean oinarrituta: Nada te turbe [Ezerk ez zaitzala aztora]. Sorkuntza iheskorra eta hauskorra da: artistak arkitekturan islatu du lerroari eta planoari buruzko kezka. Argi-trazuen bidez egitura bat marraztu du espazioan, eta horren sakontasuna eta bolumena zirriborratu ditu; egiaz, argi-trazu horiek kotoizko hari arruntak dira, modu erritmiko eta geometrikoan ezarriak: hutsa zeharkatzen dute, airea harilkatzen, eta espiritualtasun sublimezko giro bat sortzen dute. Izenburuak iradokitzen duen eran, arteak badu ahalmena egia mistikoak ezagutzera emateko.
2. TRAMA BATEN PERMUTAZIOAK ETA BARIAZIOAK
Asbtrakzio geometriko purua ikusten dugu artistaren ibilbidearen hasierako serie-marrazkietan: lerroak behin eta berriro errepikatuz, espazio garbiak sortzen ditu, fikziozko espazoak, eta baretasun-emozio ia mistiko bat eragiten dio ikusleari. 70eko eta 80ko hamarkadetan egin zituen, paper-biribilki luzeak erabiliz, eta horrela sortu zituen egitura geometriko infinituak. Bostoneko egonaldian egindako lan horien artean, asko ez ziren inoiz plazaratu, baina zenbait ikusgai daude erakusketa honetan.
3. NEKAZARITZA-ARKITEKTURAK
Naturaren behaketa da areto nagusi honetan bildutako artelanen inspirazio-iturria. Arquitecturas agrícolas [Nekazaritza arkitekturak] (2013-2016) sorta Granadako Ibarreko paisaian oinarrituta dago, eta, zehatzago esanda, han hedatzen diren tabako-idortegietan. Landa-eremuko eraikin tradizionalak dira, landugabeak; eraikin horietan tabako-landareak eta -hostoak zintzilikatzen ziren, eguzkitik eta euritik babesteko; gainera, modu horretan errazagoa izaten zen barnealdea egurastea tabakoa lehortzeko prozesuan. Artistak eraikin horiek gogora ekartzen eta berreraikitzen ditu modu poetikoan, eta horretarako metala, neoprenoa eta papera erabiltzen ditu, material moldagarriak; ondoren, argi-jokoak eratzen ditu, eraikin xume horietan sartzen zarenean gertatzen dena islatuz.
Erretaulak. Tabako-idortegiak desagertzen ari dira poliki-poliki, eta artistak berreskuratu egin ditu, gure memorian iraun dezaten. Tokiko arkitektura horretan, nekazaritza-industrialeko arkitekturetako egur kalamastretan oinarritzen dira artistaren Retablos [Erretaulak] (2009) lanak: margolan horietan oholetako erritmoak eta testurak erakusten dira, hesietakoak adibidez, eta xehetasunei erreparatzeko gonbidapena luzatzen digu artistak. Aretoko esku-hartzea hiru obrak osatzen dute: Retablo A [A erretaula], Retablo B [B erretaula] eta Sonata sin futuro [Etorkizunik gabeko sonata]; erretaula moderno baten moduan antolatuta dago; instalazio bat da, kapera bat, eta horko margolanek espazio fisiko eta poetiko bat osatzen dute, handientsua eta espirituala: inguratu, hartu eta hunkitu egiten gaitu. Barne-esperientzia bat sortzen digu, aldarte emozional haraindiko bat.
Marrasak. Ondoren, artistak, elementu xume, hauskor eta efimero bati jarri dio arreta: marrasek idortegiak estaltzen dituzte, landareak babesean egon daitezen eguraldi txarra egiten duenean.
Material hori hainbat obratan agertzen da: Nuevas lejanías negro [Urruntasun berriak beltza], Las lunas oscuras de cristal [Kristalezko ilargi ilunak] eta Las lunas oscuras de plata [Zilarrezko ilargi ilunak] eta Silencio [Isiltasuna]. Oihal horien arintasuna interesatzen zaio artistari: argia iragazten dutenez, paisaia lauso bat eskaintzen dute zeharka begiratuta.
4. MURRUAK
Abstrakzio hutsezko lanen kontrakarrean, Muros [Murruak] sortako abstrakzioa lirikoagoa da, alderdi geometrikoak eta organikoak nahasten baitira. Obra hauetan keinua azpimarratzen da, eta pintzeladaren erritmoa agertzen, hala nola pilatzen diren landare igokarien hostoak Darroko kaleko murruetan, Granadan. Bi obra hauek —Sica (1997) eta Sal [Gatza] (1998)— landareen munduan oinarrituta daude, eta lotura bat finkatzen dute naturarekin: batzuetan, lotura hori adierazkorra da; beste askotan, berriz, Soledad Sevillaren sorkuntzari dagokion poesiaren indarra nabarmentzen duten elementuak dira: margolan erraldoiak, tonu desberdinetako hostoz osatuak; landare igokari azkengabe baten pusketak izan litezke, aldaera sotilekin, eta denboraren igaroa dakarte gogora, materiaren iheskortasuna, gauzen eta bizitzaren iraunkortasun hauskorra. Azken batean, artistari liluragarriak iruditzen zaizkio gauza igarokorrak.
Artistaren hitzetan esatearren: «Formatu handiari esker, ikuslea inguratzen dut, eta, hala, margolanari begiratzen dio amildegiari begiratzen zaion moduan, eta zalantzan jartzen du bere posizioa zein den, giza eskala gainditzen duten tamainen aurrean». Sorkuntza-prozesua xehea da: oinarrian, lerro sotilak gainjartzen dira, eta, horiek bateratzean, modu armonikoan finkatzean, trama trinko bat osatzen da.
ARTISTA:
Soledad Sevilla Espainiako arte garaikideko artistari famatuenetako bat da. Duela gutxi Arte plastikoen Velazquez sariaren irabazlea izan zen (2020), eta Granadako Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen (2020). 1993an, berriz, Arte Plastikoetako Sari Nazionala jaso zuen.
Bere obran espazioari, argiari eta koloreari buruz hausnartzen du. Barne-bilaketa bat garatzen du, emozio ezkutu eta eutsien artean, eta, horri tiraka, sakontasun emozional handiko margolanak eta instalazioak eratzen ditu. Sorkuntza-prozesurako makulu garrantzitsua du poesia, pinturarekin estu lotutako diziplinatzat hartzen baitu. Soledad Sevillarentzat «sentimendua objektu baten bidez itzultzea da borroka nagusia». Era berean, geometriak garrantzia nabarmena du bere lanetan.
JARDUERAK:
Doako bisita gidatuak
Larunbatero - 17:30 euskeraz / 18:30 gazteleraz
Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea aretoqan bertan, T 943 251939 edo hezkuntza_kubo@kubokutxa.eus