Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Festak eta azokak / Jaiak
  3. Euskal Astea

Euskal Astea

Herria: Zarautz

Lekua: Zarautz

Hasiera: 29/08/2024

Bukaera: 09/09/2024


Ekitaldi gehiago Zarautz

Zarauzko Udala

Plaza Lege Zaharra (Casa Portu) (20800) Zarautz

Telefonoa: 943134456 - 943130960
Fax: 943130019
Web: http://www.zarautz.com
Email: zarautz@udal.gipuzkoa.net

Zarauzko Euskal Astea, Euskal Herriko ohiturak eta kultura bultzatzen dituen jaia.

Euskal kutsua duen jaia, non ohizko ekintzez gain (Herri Kirolak, Dantzak, Bertsolariak, eta abar), gaztetxoen jokoak eta musika berbenak egoten diren. Festa hauetara ondoko herritarrak hurbiltzen dira.

EUSKAL ASTEA 2024

Zarauzko Udalak aurtengo Euskal Jaien egitaraua aurkeztu du. Aurtengoa ez da nolanahiko ospakizuna izango, 100 urte igaro dira lehenengoz Euskal Jai eguna ospatu zenetik Zarautzen eta, beraz, Euskal Jaiek bere mendeurrena ospatuko dute aurten

Hori dela eta, Udalak, herriko beste hainbat eragilerekin batera, egitarau berezia osatu du egun hauetarako. Joan den urteko Euskal Jaiak amaitu bezain laster, Udala mendeurreneko egitaraua osatzeko lanean jarri zen eta, urtean zehar, hainbat lehiaketa eta ekimen martxan jarri ditu, iraileko lehen aste honetan, zarauztarren gozagarri izango diren egitasmoak antolatzeko.

"100 urte hauetan ehundaka talde eta herritarrek hartu duzue parte zarauztarrok hain kuttuna dugun Euskal Jaiaren antolakuntzan, eta egitasmo ugari eta askotarikoak antolatu izan dira Zarauzko festa herrikoi handi hau bultzatzeko eta indartzeko. Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez!", eskertu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. "Urtero gogo biziz hartzen ditugu gure Euskal Jaiak, baina aurtengoa, mendeurrena izanik, ilusioz beterik biziko ditugu".

"Euskal Jaia bizitzeko mila modu daude, bakoitzak berea, baina festa errespetuz eta arduraz disfrutatzea eskatzen dizuet, Zarautzen ez dugulako inolako jazarpenik edo erasorik onartzen", gehitu du Txurrukak. "Euskaltzaletasunaren eta zarauztartasunaren sugarra bizirik mantendu duen Euskal Jaiaren mendeurrena giro jator eta alaian bizi eta ospatzea opa dizuet".

Hain zuzen ere, 100 urte hauetako ibilbidea ezagutu eta aitortzeko, bi erakusketa antolatu dira. Abuztuaren 29tik irailaren 22ra, Merkatu Plazako lehen solairuan, 'Euskal Jaiak 100 urte' erakusketa ikusgai izango da. Bertan, Euskal Jaien sorrerako eta lehen urteetako argazki, irudi eta dokumentuak egongo dira ikusgai. Honekin batera, Zuazobidek azken urte hauetan sorturiko karrozen maketez eta irudiez gozatu ahal izango da.

Bestalde, abuztuaren 26tik irailaren 9ra, Euskal Jantzi tradizionalen erakusketa ikusteko aukera izango da herriko dendetako erakusleihoetan. Bi erakusketa hauen inguruko informazio gehigarria izango duten eskuorri eta liburuxka bereziak argitaratuko dira eta Turismo Bulegoan, Sanz Enea liburutegian zein erakusketan parte hartzen duten establezimenduetan eta Merkatu Plazako lehen solairuan egongo dira eskuragarri.

Karroza lehiaketa

Jai hauen historian hain bereizgarriak izan diren karrozak protagonismo berezia izango dute aurten. Euskal Jai egunean, irailaren 9an, Musika Plazan ikusgai izango dira, eguerdian, Udalak antolaturiko lehiaketaren bitartez sustaturiko karrozak. Uda hasieran, lehiaketa bat deitu zen Euskal Jaietarako karrozen diseinuak eta ideiak aukeratzeko eta bertatik aukeratu ziren lau diseinuak gauzatzen izan dira garaileak ordutik: Jose Maria Zuazobide, Jose Luis Lasa, Iñigo Arrillaga eta Juan Antonio Mendizabal.

Berezitasun bezala, aurten, irailaren 8an, 'Mendeurrenaren brindisa' egingo da Lege Zaharren enparantzan. Bertan, parrilla herrikoia eta sagardo eta txakolin dastaketa izango dira.

Beti bezala, Euskal Jaien baitan hainbat txapelketa lehiatuko dira, hala nola,  Bertsolari Gazteen XLVIII. Lizardi Saria (kanporaketak abuztuaren 29an eta 30an eta finala irailaren 6an), XXXVI. Aurresku Txapelketa (irailak 7), Helduen Binakako Dantza Txapelketa (irailak 2), Bikote Gazteen Dantza Txapelketa (irailak 5) edota Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketa (irailak 4).

Aurten, irailaren 2tik 6ra fandango eta arin-arin ikastaroa eskainiko da Frontoi Txikin, Jon Alkain eta Alaitz Garciaren eskutik eta Zarautz TRIKek lagunduta. Saioak arratsaldeko 17:30ean izango dira eta ez da aurrez izenik eman beharko, nahi da saioetan bertan azaltzea.

Gainontzean, mendeurreneko Euskal Jai hauetan ez da faltako urtez-urte gure jai hauek bereizgarri egiten dituzten musika eta dantza ekitaldiak. Egun hauetan zehar festetan murgiltzeko hamaika ekitaldi izango dira: kalejirak, erromeriak, karaokeak, dantza emanaldiak, plaza-dantzak...

Egitaraua eta gainontzeko eskuorriak ostiraletik aurrera egongo dira eskuragarri Turismo Bulegoan eta Sanz Enea liburutegian.

Zarauzko Euskal Astea - Euskal Jaiaren kartela 2024
Txikiweb