Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ekitaldiak / Kontzertuak, musika / Musika Jaialdi eta Zikloak
  3. EOS-Euskadiko Orkestra Sinfonikoa-ren 2018-2019 Abonu-Denboraldia

EOS-Euskadiko Orkestra Sinfonikoa-ren 2018-2019 Abonu-Denboraldia

Herria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kursaal

Ordua: 20:00

Hasiera: 02/10/2018

Bukaera: 07/06/2019

Sarrerak:  


Ekitaldi gehiago Kursaal

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Paseo Miramón, 124
Miramon pasealekua, 124 (20014) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 01 32 32
Fax: 943 308 324
Web: http://www.euskadikoorkestra.es
Email: medios@orquestadeeuskadi.es

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere 2018-2019 Abonu denboraldiaren barruan Donostiako Kursaal Auditoriumean eskainiko dituen kontzertuen egutegia.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldia irailaren 27an Iruñan hasiko da, eta ondoren ohiko hiriburuetan aurkeztuko da: bihar, irailak 28, Bilbon; urriaren 1ean Gasteizen; eta urriaren 2 eta 3an Donostian. Denboraldi berri honetan Orkestrak 10 kontzertu emango ditu Iruñean, eta beste hainbeste gainontzeko egoitzetan, Bilbon, Donostian (saio bikoitza) eta Gasteizen. Guztira 50 kontzertu eskainiko ditu Abonu Denboraldiaren baitan.

Denboraldia Robert Treviñok zuzendutako programa banarekin hasi eta bukatuko da. Pasa den urtetik Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Titularra da bera, eta baita Orkestrak bizi duen momentu gozoaren arduradunetako bat ere. Proiektu honekin oso konprometituta dago Treviño, eta duela gutxi iragarri da 2022ra arte jarraituko duela Orkestraren musika-zuzendaritzan. Konpromiso horren erakusgarri, Denboraldi honetako abonu-programen erdia baino gehiago zuzenduko ditu.

Halaber, Treviño izango da zuzendari abenduan Orkestrak Europako erdi-erdira egingo duen biran, eta, zalantzarik gabe, Denboraldiko proiektu handienetako bat izango da. Bira horri esker, Orkestrak tradizio eta prestigio handiko aretoak bisitatuko ditu: Linzeko Brucknerhaus eta Bregenzeko Festspielgaus, biak Austrian, eta Municheko Herkulessaal ospetsua, Alemanian.

Denboraldiaren irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu.

Abonu-Denboraldia

Arestian esan bezala, hurrengo Abonu Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu.
Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
Izan ere, Treviñok "erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea" kontzeptuei erreparatzea proposatu zuen pasa den Denboraldian (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 Denboraldian, "aldaerak" kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei beren artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.

Treviñoren presentzia nabarmena Denboraldiko programazioan

Webern eta Lazkanoren arteko kontraste estetikoko programa batez hasiko da irailean, eta Sibeliusek bat egingo du haiekin, naturako aldaerekin inspiratuta. Azaroan, uztartu egingo ditu Dvorak, haren Piano eta orkestrarako kontzertu nahiko ezezaguna joaz (Stephen Hough), eta Elgar, haren Enigma-aldaerak ezagunagoarekin. Horrez gain, Euskal Herriko soinuetan inspiratutako lan txiki bat sortzea proposatuko dio Houghi. Era horretan sortu da Agata: a Basque Fantasy, txistu eta orkestrarako partitura txiki bat. Horretarako, Garikoitz Mendizabal izango du aldean. Otsailean, berriz, biolin-errepertorioan ezinbestekoa den kontzertuetako batekin itzuliko da: Barberren Biolinerako kontzertua. James Ehnesek jarriko dio ahotsa partitura horri eta, gero, Denboraldi honetarako aukeratutako musikagile bati helduko diogu: Rakhmaninov. Haren Bigarren sinfonia maisulana da Treviñoren iritziz; izan ere, erresistentzia dario, hauskortasuna, ikuspena, pasioa, kemena. Maiatzean, berriz, Mahlerren 9. sinfoniari helduko dio, musikagilearen azkena. Mahlerren amaiera iragartzen du. Treviñoren bosgarren programak Dvorak eta Elgar uztartuko ditu berriz ere. Lehendabiziko musikagiletik Biolontxelorako kontzertu ezaguna entzungo dugu, Pablo Ferrández bakarlari-lanetan jarrita, eta Elgarrena, berriz, Bigarren sinfonia. Robert Treviñok Rakhmaninoven 3. pianorako kontzertu oso ezagun eta are handiagoaz bukatuko du Denboraldia ekainean, Alexei Volodin handia pianojole jarrita. Azken traka Txaikovskik emango du Bosgarren sinfoniaz, musika-lan arrandiatsua, aldaerez betea, hasi lehenengo notatik eta azkeneraino.

Programazioaren beste momentu batzuk beste zuzendari batzuekin

Musikaren arloan kameleoia den Christian Lindberg artistak bere obraren (The Tale of Kundraan) tronboijole, zuzendari eta narratzaile lana egingo du, eta Bernsteinen lanik popularrenetako bat (On the Waterfront. Suite – Isiltasunaren legea) eta Sibeliusen 3. Sinfonia ere zuzenduko ditu.
Beste artista kameleoniko bat, zuzentzeko, biolina jotzeko eta biola jotzeko gai dena, Pinchas Zukerman, seigarren abonu-programaren zuzendari izango da. Beethovenen Biolinerako kontzertuaz eta Dvoraken 8. Sinfoniaz osatuko den programa honetan zuzendari eta biolin-bakarlari lanak uztartuko ditu Zukermanek.
Interes handia izango du Beethoveni buruzko abesbatzaren atalak (Itsasoa bare eta bidaia oparoa, Elegia kantua eta Fantasia korala). Bada, Andra Mari Abesbatzak eta Alfonso Gómez pianojoleak aterako diete distira hiru 'perla' koral horiei, eta Hans Graf izango dute zuzendari, 90eko urteetako Orkestrako zuzendari titular izandakoak.
Aipagarria da, bestalde, balleta itzuli egingo dela Euskadiko Orkestra Sinfonikora, Marie Antoinette eszenaratuz. Thierry Malandain koreografoaren ekoizpen berri bat da; izan ere, egun, horretan dabil lanean, estreinatzeke. Beraz, duo berri bat osatuko dugu Malandain Ballet Biarritzek eta gure Orkestrak, gure Denboraldian, Biarritzen zein Versaillesen. Mélanie Levy-Thiébaut izango da Haydnen musika atriletara daraman proiektu berri honen zuzendaria. Pasa den urtean izan zen estreinakoz Levy-Thiébaut Orkestrarekin lanean, Babilonia berria (musika + zinea) kontzertua zuzendu zuenean Tabakaleran eta BBK Aretoan.

Bakarlari, ballet eta abesbatzei buruz

Atal honek beti izaten du erakarmen handia programazio guztietan. Bakarlariak, ballet konpainia eta abesbatza: batzuetan, gure entzuleek ezagutzen dituzte dagoeneko; beste batzuetan, lehenengo aldia izango da, baina denak dira itzal handiko izenak. Bi programatan protagonistek beren bi gaitasun erakutsiko dituzte: bakarlari eta zuzendari izatea. Euskadiko Orkestrara itzuliko diren egungo bi pertsonaia handi dira: Pinchas Zukerman biolinjolea, musikako fenomenoa lau hamarkadatan, eta Christian Lindberg, tronboiaren mito bizia, bere The Tale of Kundraan lanean narratzaile ere arituko dena. Entzuleek pozez entzungo dute pianoa, beti hain gogoko dutena, Stephen Hough pianojole, musikagile zein artikulu-idazlearen eskuetan. Geroago, Alfonso Gómez gasteiztarraren eskuetan piztuko da pianoa. Pianojole moldakor hori Alemanian bizi da egun, errepertorio zabala du, eta oso atxikia da bere herrialdeko musika garaikideari. Denboraldia bukatzeko, Alexei Volodin pianojolea, talentu, teknika eta sentikortasunez betea. Biolinak bere tokia izango du, goian aipatutako Pinchas Zukermanekin eta James Ehnesekin. Bigarrena orkestran estreinatuko da, eta orain arte ez bezala uztartuko ditu birtuosismoa, lirismo narea eta musikaltasun biribila. Bakarlarien atala bukatzeko, Pablo Ferrández dugu: gaztetasuna, adierazkortasuna, emozioa eta sedukzioa elkartuko ditu. Biolontxelojole madrildarra ICMA, International Classical Music Awardsen parte hartu duelako da ezaguna gure entzuleentzat. Musika klasikoaren Europako sari-banaketa ekitaldi hori gure Orkestrak antolatu zuen Donostian, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren harira.
Malandain Ballet Biarritz konpainiari dagokionez, Orkestraren Denboraldian areagotu egin da haren presentzia Magifique, Errauskine eta Ederra eta Piztia izenburuak ekarri ondoren. Orain, Thierry Malandainenek sorkuntza berri batez, Marie Antoinette lanaz, beteko du gure eszenategia.
Abesbatzen arloan, Andra Mari Abesbatzaren presentzia da nabarmentzekoa, Beethovenen hiru 'perla' koral kantatuz: Itsasoa bare eta bidaia oparoa, Elegia kantua eta Fantasia korala. Azken hori Bederatzigarren sinfoniaren ernamuintzat jotzen da, eta Alfonso Gómez euskal pianojolea izango du bidaide.

Donostiako Egitaraua:

01 - Urriak 2, 3 (2018)

  • Bariazioak Haizean
    • Lazkano eta Webernen arteko kontraste estetikoarekin bat egingo du Sibeliusen natura eta bizitzaren arteko isla harmoniatsuak.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • Webern
            • Passacaglia, Op.1 [13'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
          • R. Lazkano
            • Hilarriak [21'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
          • J. Sibelius
            • Sinfonía nº2, Op.43 [45']
              • Ia ehun urteko tartea dago Anton Webernen Passacaglia eta Ramon Lazkanoren Hilarriak lanen artean. Lehendabizikoa (1908), Webernen aldi dodekafonikoaren aurrekoa, haren ideia iraultzaile ugariren aurrerapena da; Lazkanorena (2003), bestetik, milurteko berriko euskal musikaren ezinbesteko lanetako bat da, erritmoaren eta orkestraren kemenaren ospakizun handi bat. Robert Treviñok, haien bitartez, demarako deia egin nahi du, eta eskandinaviar errepertorioko sinfonia ederrenetako honekin borobiltzen du. Jean Sibeliusen 2. Sinfonia pieza fundazionala ere bada; izan ere, 1902an estreinatu ondoren, finlandiar nazionalismoak luze gabe hartu zuen bere eredu eta ikurtzat, Finlandia bere independentziarantz pauso irmoak ematen ari zen aldian.

02 - Azaroak 8, 9 (2018)

  • Sustrai Nordikoak
    • Suediako zuzendari eta trombonista Christian Lindbergen jatorri eta esentzia eskandinaviarrera bidaia. Metal harmonikoa zentzumenentzat.
      • Christian Lindberg, tronboia + zuzendaria
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • L. Bernstein
            • On the Waterfront. Suite [23'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
          • C. Lindberg
            • The Tale of Kundraan [15'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
          • J. Sibelius
            • Sinfonía nº3, Op.52 [32'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
                • Orkestraren adiskide zahar bat, Christian Lindberg, itzuli egingo da Leonard Bernsteinen musikarekin hasten den programa heterogeneo bat zuzentzeko. Candide edo West Side Story idatzi zituen urteetan, Elia Kazanen On the Waterfront (Isiltasunaren legea) pelikularen soinu-banda zoragarria ere argitaratu zen, non suite sinfonikoak New Yorkeko kaietako mafia eta hiri-giroa aditzera ematen duen, baita pasarte erromantikoak falta ez dituen trama tirabiratsu bat ere. Lindbergek, munduko tronboijole ospetsuenetako bat ere badenak, bere sorkuntza-lan bat aurkeztuko du ondoren: The Tale of Kundraan, bera bakarlari lanetan jarrita. Hala ere, Sibeliusek koroatuko du ekitaldia bere 3. Sinfoniarekin, berak konposatutako zazpi klasikoetan ederrenarekin.

03 - Azaroak 29, 30 (2018)

  • Agata Erupzioan
    • Stephen Hough pianoan jarriko da bere Agata argitara emateko. Dvorak eta Elgar ohorezko gonbidatuak izango dira.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • Stephen Hough, pianoa
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • S. Hough
            • Agata: a Basque Fantasy [7']
              • (erabateko estreinaldia)
          • Dvorak
            • Concierto para piano y orquesta, Op.33, B.63 [34']
          • E. Elgar
            • Variaciones Enigma, Op.36 [31']
              • Agata: a Basque Fantasy da denboraldi honetako erabateko estreinaldietako lehenengoa, une honetako pianojole handienetako batek, Stephen Houghek, sortutako "euskal fantasia" bat. Bada, beste instrumentu batzuk sartu ditu partituran, hala nola, txistua, Garikoitz Mendizabalen eskutik etorriko dena. Ondoren, Houghek Antonin Dvoraken Pianorako kontzertuari helduko dio. Antonin Dvorak musikagile bohemiarrak Brahmsen omenez ondutako lan hori oso gutxitan jotzen da. Bukatzeko, Robert Treviño britainiar errepertorioko sorkuntza-lan ospetsuenetako batean murgilduko da: Enigma-bariazioak. Bertan, Edward Elgarrek musikaren bidez erretratatu zuen hamalau lagunen nortasuna eta, horretarako, askotariko musika-bitartekoak baliatu zituen; gainera, lanaren barnean, joko bat sartu zuen, enigma bat, ehun urte pasata artean konpondu gabe dagoena.

04 - Otsailak 7, 8 (2019)

  • Handiusteko Orroak
    • Harrokeriagatik jotzeko ezgauza zen biolinista batentzat idatzitako pieza. Eta autoestima faltagatik aldentzen doan Rakhmaninov bat.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • James Ehnes, biolina
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • S. Barber
            • Concierto para violín y orquesta, Op.14 [25'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
          • S. Rachmaninoff
            • Sinfonía nº2, Op.27 [60']
              • Robert Treviñok sakontasunez ezagutzen du Estatu Batuetako musika, eta Samuel Barberren figura aldarrikatu nahi du, oparoa baita egin duen lana, baina Harietarako adagioak itzal egin die bere beste lanei. Biolinerako kontzertua, 1939an konposatua, Estatu Batuetako erromantizismo berantiarraren ale ederrenetako bat da, doinu landuz eta adierazkortasun zuzen batez josia. Bakarlari lanetan James Ehnes ibiliko da, kontzertu honen grabazioagatik Grammy sarietarako izendatuta egon zen biolinjole bikaina. Sergei Rakhmaninovek Estatu Batuetara emigratu zuen Errusiar Iraultzaren ondoren, eta izugarrizko eragina izan zuen Mundu Berriko musikagileen gainean. Treviñok haren 2. Sinfonia aukeratu du, garaipen orro bat, haren Lehenengo sinfoniari emandako harrera ezin okerragoaren ondoren (Rakhmaninov depresio luze batera eraman zuen).

05 - Otsailak 14, 15 (2019)

  • Croissant, Plié eta Relevé
    • Malandain Ballet Biarritzek eszenatokira eramango du Maria Antonieta erregina, Versaillesen Frantziako ikur gozoena txertatu zuena. Haydn entzungo da zulogunetik.
      • Mélanie Levy-Thiébaut, zuzendariaa
      • Malandain Ballet Biarritz
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • J. Haydn
            • "Marie Antoinette"
            • Sinfonía nº6 [24'] *
            • Sinfonía nº7 [21'] *
            • Sinfonía nº8 [23'] *
            • Sinfonía nº73 (Presto) [5'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
                • Berriz itzuli da dantza Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programaziora, Malandain Ballet Biarritz konpainiarekin lankidetzan oraingoan ere. Izan ere, azken urteotan, fruitu ahaztezinak eman ditu, adibidez, Errauskine edo Ederra eta piztia. Oraingoan, beste emakumezko pertsonaia baten historia bisitatuko dugu: Marie Antoinette. Thierry Malandainen koreografia du eta, horretarako, Joseph Haydnen lau lan hartu ditu musika-oinarri: 6, 7 eta 8. sinfonia goiztiarrak, ezizenez "Goiza", "Eguerdia" eta "Arratsaldea" hurrenez hurren, baita 73. Sinfonia ere, "Ehiza" deitua. Gure Denboraldiaz gain Biarritzen eta Versaillesen ere aurkeztekoa den ikuskizunak Mélanie Levy-Thiébaut orkestra-zuzendaria izango du maistratzat, errepertorio koreografiko eta zinematografikoko espezialista handia.

07 - Martxoak 8, 11 (2019)

  • Aire Bohemioak
    • Beethovenek biolinerako konposatu zuen kontzertu bakarra Dvorak karismadunaren haize txekiarrak lagunduta.
      • Pinchas Zukerman, biolina + zuzendaria
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • L. V. Beethoven
            • Concierto para violín y orquesta, Op.61 [42']
          • Dvorak
            • Sinfonía nº8, Op.88 [34']
              • Orkestrarekin 2017ko martxoan izandako arrakastaren ondoren, Pinchas Zukerman biolinjole ospetsua euskal oholtzetara itzuli da, hain ezaguna ez den bere fazeta bat aurkezteko: zuzendari-lana. Hasteko, garai guztietako kontzertu ospetsuenetako bati aurre egingo dio: Biolinerako kontzertua, Ludwig van Beethovenek 1806an konposatu zuena; haren hirugarren mugimendu pastorala, hain zuzen, haren sorkuntzako atal pozgarrienetakotzat jotzen da. Ondoren, jada biolinik gabe, Zukerman Dvoraken 8. Sinfonia argitsuan loratzen diren Bohemiako gai folklorikoetan murgilduko da. Txaikovskiren Bosgarrenaren garaikidea den lan honetan (hura Denboraldiaren amaieran entzuteko parada izango dugu), Dvorakek pozaren aldeko apustu argia egin zuen, panorama sinfonikoa zertxobait atsekabetua zenean.

08 - Apirilak 8, 12 (2019)

  • Jeinu Korala
    • 19 urte zituela Xostakovitxek maisulan bat konposatu zuen. Beste jeinu baten konposizio koral bikainek emango diote distira programari.
      • Hans Graf, zuzendaria
      • Alfonso Gómez, pianoa
      • Andra Mari Abesbatza, abesbatza
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • L. V. Beethoven
            • Mar en calma y próspero viaje, para coro y orquesta [10'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
            • Canto elegíaco, para coro y cuerdas [7'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
            • Fantasía coral, para piano, coro y orquesta [19']
          • D. Shostakovich
            • Sinfonía nº1, Op.10 [28']
              • Beethoven berriz bihurtuko da protagonista gure hurrengo abonu-programan. Gau-emanaldi sinfoniko-koral handia izango da, Hans Grafek gidatuta. Graf Orkestrako titularra izan da 1994tik 1996ra, baita Houston Symphonykoa ere hamabi urtetik gora. Orkestrak eta Andra Mari Abesbatzak elkar hartuko dute Beethovenen hiru pieza koral bizkortzeko: Itsasoa bare eta bidaia oparoa, Elegia-kantua eta oraindik ere benetan originala den Fantasia korala, Alfonso Gomez gasteiztarrarekin pianoan. Bigarren zatia Dmitri Xostakovitxen 1. Sinfoniara dedikatuta dago, konposizioko birtuosismo ariketa borobila. Errusiarra haren bidez graduatu zen, artean nerabea zela, Leningradeko Kontserbatorioan. Geroko sinfonietan ez bezala, espekulazio ugari egon baita horien asmo politikoaz, Xostakovitx garbi eta talentuz gainezka agertzen da hemen.

09 - Maiatzak 6, 10 (2019)

  • Bihotz Mindua
    • Mahlerren bihotz nahigabetuak tristuraz egiten du taupa bere azken sinfonian.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • G. Mahler
            • Sinfonía nº9 [75']
              • Azken urteotan, Robert Treviño aintzatetsia izaten ari da mundu osoan Mahlerren musikaren zuzendari nabarmen gisa; izan ere, haren sinfoniekin egin du debuta London Symphony eta Zuricheko Tonhalle Orchester orkestren buru. Oraingoan, Treviñok Bohemiako musikagilearen sorkuntzalan konplexuenetako bat hautatu du, 9. Sinfonia, Alban Bergek "Mahlerrek inoiz idatzitako gauza zoragarriena" bezala goretsi zuena. Hil baino bi urte lehenago amaitu zuen, eta azken lan handia du Lurraren abestiarekin eta amaitu gabeko Hamargarren sinfoniarekin batera. Horietan bezala, heriotzaren kontzientzia sumatzen da soinu mataza liluragarri baten ondoren, eta agerian uzten du Mahlerrek bizitzaren azkenetan erdietsitako parerik gabeko orkestrarako maisutza.

10 - Maiatzak 24, 27 (2019)

  • Heriotza Jauregian
    • Bi hildakori eskainitako bi obra. Errege bat eta gaztaroko ezinezko amodio bat.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • Pablo Ferrández, biolontxeloa
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • Dvorak
            • Concierto para violonchelo y orquesta, Op.104 [40']
          • E. Elgar
            • Sinfonía nº2, Op.63 [53'] *
              • *Lehen aldiz interpretaturiko obra
                • Pablo Ferrandezek utzi egin dio etorkizun oparoko gazte izateari: une honetako biolontxelojole bilatuenetako bat da. Gure Denboraldian, haren erakusgarrietako batekin estreinatuko da: Dvoraken Biolontxelorako kontzertua, pasioz jositako partitura bat, Mundu Berriko sinfoniaren ondoren konposatua. Ezezagunagoak dira Edward Elgarren sinfoniak. Robert Treviño, baina, konbentzituta dago irismen eta anbizio handiko sorkuntza-lan horien balioaz, eta Orkestraren buru jarriko da 2. Sinfoniari heltzeko (1911). Elgarrek segurtatu zuenez, "nire arima utzi dut hor idatzita". Ordubete irauten duen mihise-lana da, Erdialdeko Europako musikaren trinkotasuna erakusten duena, baina nortasun ingeles batez argi eta garbi.

11 - Ekainak 6, 7 (2019)

  • Porrota Ala Garaipena
    • Txaikovskiren bosgarrenean gizonezkoa da garaile patuaren indarraren aurrean. Rakhmaninovek pianorako kontzerturik zailenetako bat oparituko digu.
      • Robert Treviño, zuzendaria
      • Alexei Volodin, pianoa
      • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
        • Egitaraua:
          • S. Rachmaninoff
            • Concierto para piano y orquesta nº3, Op.30 [39']
          • P.I. Tchaikovsky
            • Sinfonía nº5, Op.64 [44']
              • Robert Treviñok errusiar musikaren aldeko hautua egin du Denboraldia ixteko, eta Alexei Volodin pianojoleari egin dio gonbita abentura honetan bidelagun izateko. Volodin Rakhmaninoven musikaren espezialista da, eta Pianorako 3. kontzertuari lotuko zaio, piano-errepertorioko zailenetakotzat jotzen dena. Patuaren ideia agertuko da gero Txaikovskiren 5. Sinfonian. Hura sortzea gogorra izan zen, eta hainbeste non errusiarrak adierazi ere egin zuen "nire sorgortutako burmuinetik zukutu egin behar" zuela. Haren barruan, Txaikovskik forma sinfoniko handia eta literatura-programa ezkutu bat uztartu zituen eta, tentsio horretatik, baita eslaviar folkloretik eta balleteko lengoaiatik ere, XIX. mende amaierako sinfonia original eta gogoangarrienetako hau sortu zen.

Lekua: Kursaalgo Auditoriuma.

Sarreren salmenta:

  • Kursaal Auditoriumeko leihatila:
    • Astelehenetik asteazkenera: 11:30 - 13:30.
    • Ostegun eta ostiraletan: 11:30 - 13:30 / 17:00 - 20:00.
    • Larunbatetan: 17:00 - 20:00.
    • Eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Kursaal Eszenaren emankizun egunetan: 11:30-13:30 / 17:00 - 20:00.
  • Internetez:

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018-2019 Abonu-Denboraldiaren kartela Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Gipuzkoan