Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Ondarea / 1. Ondare Kultural eta Artistikoa / 1.1 Arkitektura eta Arte Zibila / 1.1.2 Baserriak, Dorretxeak
  3. Azpeitia: Antxieta Etxea

Azpeitia: Antxieta Etxea

Parrokiaren parean aurkitzen dugun etxe hau, Juan de Antxietak, errege katolikoen musikariak, agindu zuen eraikitzea. Eraikuntza honen ezaugarri nagusia, mudejar estiloko adreiluzko fatxada da.



Juan de Antxietak 1507. urtean eraiki zuen etxe hau. Lehenengo solairua ondar harrizkoa da. Lehenengo solairutik agertzen da adreiluzko fatxada. Hau, elkar lotutako erronbo franka zabalak, zerra puntako adreiluzko greka eta laukidun zinta batzuez osatuta dago.

Juan de Antxieta, 1462. urtean jaio zela uste da, eta 1489.ean, errege katolikoen kapilau eta “chantre” izatera iritsi zen. Isabel erreginaren eskutik, D. Juan erregegaiaren heziketaz arduratu egin zen. 1498. urtean lortu zuen Azpeitiko Parrokiko errektorea izatea, eta 1523. urteko uztailaren 30ean hil egin zen.

Eraikuntza, poliki-poliki, hondatzen joan zen, 1963.eko urrian fatxada erdia bertan behera erori arte. Orduan, garai hartako “Caja de Ahorros Provincial de Gipuzkoa” (gaur, KUTXA), berritu egin zuen, originala bezala utzirik, Agustin Prat-en zuzenbidepean. Gaur egun, erakusketa, hitzaldi eta erabilpen ezberdinetarako areto bezala erabiltzen da.

Fatxada nagusi dotoreak plazara ematen du; atzeko fatxada apalagoak, aldiz, patio bat du aurrez aurre. Beheko oina harlandusko harriz egina dago, eta bi bizitza eta ganbara ditu, mudejar estiloan landutako adreiluz eginikoak.

Beheko oineko sarrerak frontoi bat osatzen duten plaka lauez eginiko ateburua du. Frontoia estilo herrerianoko hiru piramidek burutzen dute.

Lehen bizitzak erdi kanaberako moldura batek babestutako balkoiak ditu. Bai goialdean, bai behealdean, moldurak mudejar estiloko apaindura erakusten du: zerrendak osatzen dituzten elkargurutzatutako erronboak, zerra hortzak eta motibo karratuak.

Bigarren bizitzak lau leiho ditu, baketoi eta moldura berdinekin. Apaindura gotikoak ere ikus daitezke: mahats mordoak, hostoak, hegaztiak, zakurrak eta herensugeak.

Hirugarren bizitzak zortzi hutsarte txiki dituen galeria bat du. Hutsarteok arku lerronahasi bitxiak eta hormatxo esgrafiatu moduko karelak dituzte.

Azken konposizio hau eraikineko multzo azpimarragarrienetako bat dela esan liteke. Eraikina irten handiko teilategalak eta bi isurkiko estalkiak errematatzen dute. Barnealdeak era honetako oinen banaketa tradizionalari eusten dio. Xehetasun guztiak zainduz berritu da, eta eraikinaren oinarrizko izaerari eutsi zaio.

Sarrerako bebarrua, zalditegiak eta harrizko lurra kendu eta zurezko bastardea eta balaustra bikainak dituen areto zabala eraiki da.

Txikiweb