Gipuzkoako aisia eta turismoaren kultur informazio osoa
  1. Hasiera
  2. Herriak
  3. Donostia / San Sebastián

Donostia / San Sebastián

Biztanleak:  178.229

Zabalera:  62 km2

Altuera:  5 m

Ekitaldi gehiago Donostia / San Sebastián


Laburpen Historikoa:

Zortzi menderen joanean:

Jatorrizko arrantzale-herrixka hura, Urgull mendiaren haize-babesean sorturikoa, asko aldatu da urteen joanean.

XII. mendearen bigarren erdialdean, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Hiri Gutuna edo sorrera-forua eman zion eta Donostia izenez bataiatu zuen.

Portu babestua izateak zekarkion egoera pribilegiozkoari esker, itsas-merkataritza garrantzitsua garatu ahal izan zuen; hala nola, ferrategiak eta ontziolak ugaldu ziren Urumea ibaian zehar, itsasontziak egitea izanik lantegi. Ontzigintzan ez ezik, kostaldera hurbiltzen ziren baleak arrantzatzen ibili ohi ziren orduko donostiarrak.

Herrialdeen arteko borrokak zirela bide eta Frantziatik hurbil zegoenez, hiria gotortu egin behar izan zuten; hala, inguruko lurraldearen babesle bilakatu zen Urgull mendiko gaztelu gotortua. Zegokion kokapen geografikoagatik, berriz, makina bat setio eta jazarpen jasan behar izan zituen, batik bat XVII. eta XVIII. mendeetan.


Errautsetatik berpizturik:

1808an, Napoleonen soldaduek hartu zuten Donostia, eta hirian iraun zuten 1813ra arte. Tropa anglo-portugesak, Wellington-go dukearen agintaritzapean, frantsesen aurka borrokatu ziren eta hiriaz jabetu: arpilatu, suntsitu, eta erre egin zuten. Etxe banaka batzuk baino ez ziren salbatu, Urgull menditik hurbilen zeudenak zehatz-mehatz, -egun hartako gertakari zorigaiztokoen oroigarri Abuztuaren 31 deritzan kalean kokaturikoak.

Bizirik atera ziren donostiarrek, Zubietako baserri batean bildurik, hiria berreraikitzea erabaki zuten kementsu eta borondaterik handienaz. Erabaki haren emaitza da, hain zuzen, Alde Zaharrak gaur egun ageri duen taxukera. Konstituzio plaza zuten erdigunetzat, eta hantxe eraiki zen Udaletxea.


Harresiak eraistea:

1845ean etorri zen estreinakoz Donostiara Isabel II.a erregina; larruazaleko gaixotasunen bat izaki, itsas-bainuak hartzea gomendatu baitzioten medikuek. Hura udan hona etortzeak, baina, gortea eta aristrokazia erakarri zituen aurki, eta hiria aukeratu zuten udalekutzat; hala, haziz joan zen Donostia.

Ordurako, harresiek ez zuten hasiera batetik zegokien eginkizuna betetzen. Donostia zabaldu beharra zegoen, eta 1863an ekin zitzaion harresiak eraisteari. Hiria zabaltzeko proiektuak aurkeztu ziren eta Antonio Kortazar arkitekto jaunarena onartu zen. Gogotik lan egin behar izan zuten urte latz haietan: padura eta dunak baino ez baitziren nagusi bazterretan; Urumea ibaia ere ubideratu beharra zegoen, eta zubiak eraiki behar ziren bi ibaiertzak lotzeko. San Martin, Gros eta Ategorrieta auzoetan hedatu zen, hurrenez hurren, hiriaren zabaldura.


Belle Époque:

Bulkada haren ondorioz, Donostia aitzindari izan zen ondoko aurrerapenak ezartzen: tranbia, kaleetako argi-instalazioa eta telefonoa. Mundu osoko bisitarien jomuga izan zen Donostia XX. mendearen hasierako urteetan, Europan Gerra Handiak zirauen bitartean eta "1920ko hamarkadako urte zoriontsuak" deituriko haietan.

Demografia-hazkunde bizkor bezain handia izan zuen, hala nola: 1880an 20.823 biztanle zituen; eta, 1925an, 65.930.

Garai hartan eraikitakoak dira gaur egun hirigunean ikusgai ditugun hainbat eraikin eder, esaterako: Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia, edota Udaletxea bera; egungo udal eraikina Kasino izan zen hasiera batean, harik eta Udaletxea hara aldatu zuten arte 1947an.


Hiri modernoa:

Gerra zibilaz geroztik industrializazioa areagotu egin zen, eta, ondorioz, baita biztanleria ere, eta etxe gehiago eraiki zen. Etxebizitza-eskariari erantzuteko ahalegin hartan, garapen kontrolik gabea burutu zen -hein batean- urte haietan, eta hirigintza-jarduketa desegokiak bideratu ziren.

Donostiaren bilakaera etengabea izaki, Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorra onartu zen 1996an; hiri moderno bat diseinatzea du helburutzat Plan horrek, XXI. mendearen atarira begira.

Hona hemen, azkenaldian buruturiko jarduketen adibide zenbait: Zurriola hondartza; Kursaal elkargunea; Alde Zaharra birgaitzea; Amara-Osinagan etxebizitzak sustatzea; Loiolako ibaiertzak ubideratzea; Intxaurrondo, Benta Berri, eta Aiete auzoak egokitzea; teknologia eta enpresa parkeak sortzea; kirolgune zabalak ezartzea.


III. milurtekorantz:

III. Milurtekoari aurpegi emateko, estrategia berariazkoaz hornitu da Donostia: batetik, Baiona-Donostia konurbazioaren baitan jardutea ahalbidetuko diona; eta, bestetik, gizarte aurrerakoi bateko hiri gisa dagozkion arazoak konpontzeko abagunea eskainiko diona. Izan ere, gazteei enplegua bermatzea eta etxebizitza babestuak eskaintzea baitu helburu; ingurugiro jasangarri baten baitan, betiere.

Donostia aski ezaguna da, besteak beste, honako hauek bitarteko: inguruko paisai naturala; gastronomia; merkataritza; zinemaldia, jazzaldia eta musika-hamabostaldia.
br> Jada abian diren proiektuei esker, gainera, beste aurrerapauso bat emango du eta negozioetarako nahiz kongresuetarako bilgune erakargarri bilakatu nahi du; museo berriak zabaltzearekin, berriz, handitu egingo du bere turismo eta kultur eskaintza lehendik ere zabala.

Ilusioa eta gaitasuna erruz erakutsi izan dute beti donostiarrek beren ahaleginean, eta etorkizun hurbilekoari begira ere, ondo baino hobeto moldatuko direlakoan gaude.

Txikiweb